Lauburu Ibarra Mahala taldeak Castro Urdiales C.F.S jasoko du larunbat honetan Belabietan. Castro Urdialeseko taldea sailkapeneko 6.postuan kokatzen da, talde moretik 9 puntura. Orain arte jokatutako jardunaldietan, 5 garaipen eta 4 porrota pilatzen dituzte. 
Emaitza horiekin, aurkariari jokoa batere erraza jartzen ez dion talde baten aurka arituko dira ibartarrak larunbatean. Castrokoek, aurreko astean Almi Elorrietako F.S taldeari 11 eta 4-eko markagailuarekin irabazteaz gain, C.D.E. Marrocken aurka ere garaipena lortu zuten duela bi jardunaldi. Gainera, Ligako lehen jardunaldian, ez zen urrun ibili egun sailkapeneko buru den Otxartabe C.D. taldeari irabazteko. Guzti hori kontuan hartuta, beste astebetez, hiru puntuak etxera eramateko prest daude. 
Aitor Arevaloren mutilei dagokienez, hauek ere puntuak gehitzen jarraitu nahi dute, urtea sailkapeneko goiko postuetan bukatu ahal izateko. Azpimarratzekoa da egiten ari diren denboraldi ona, zeina astez aste entrenamenduetan egiten duten lanaren isla den. Larunbat honetan garaipena lortzea oso garrantzitsua da Ibarrakoentzat; izan ere, 18 puntu dituztela kontuan hartuta, partida irabazteak aukera emango lieke sailkapeneko lehen postuetan dauden bi taldeek dituzten (Otxartabe C.D. eta Auzoak De Zierbena C.D.F.; biak 21 punturekin) puntu kopuru berak izateko.  
Lauburuko entrenatzailearen hitzetan: “Larunbateko partidara une onean iritsi gara. Aurreko bi asteak oso onak izan dira eta, aurkariari elkar ezagutzeagatik diogun errespetua gorabehera, gauzak modu ordenatuan eta gure mailan egiten baditugu, 3 puntuak lortzetik gertu egongo gara“.
GOAZEN LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!
Beste alde batetik…
Era berean, klubeko lehen taldeak, Lauburu K.E Ibarrak, asteburu honetan ere etxean jokatuko duela gogorarazi nahi dugu. Ohorezko Jubenil Mailako taldearen aurretik egingo du, arratsaldeko 17:00etan eta sailkapeneko laugarren postuan dagoen Ibararte C.D talde nafarra jasoko du. 
Gipuzkoako Kopari dagokionez, lehen mailako taldeak, torneoan oso bide onetik zihoan arren, final-zortzirenei dagokien partida galdu zuen larunbat honetan. Txubelek entrenatutako mutilak aurkaria baino gehiago izan ziren baina, azken minutuetan, Arrasatekoek markagailuari buelta eman eta partida 5 eta 4-eko emaitzarekin bukatzea lortu zuten. Dena dela, taldea denboraldi ona egiten ari dela nabarmendu behar da eta, Kopan galdu arren, motibatuta jarraitzen dute. Ostiral honetan, sailkapeneko 12.postuan dagoen Idiazabalgo taldea jasoko dute Belabietan, gaueko 21:10ean. 
Azkenik, gogoratu, lehen mailako taldea Kopatik kanporatua izan arren, klubak presente jarraitzen duela txapelketan; izan ere, 2B mailako taldea zuzenean sailkatzen da final-laurdenetarako. Horrekin lotuta, hain zuzen ere, duela egun batzuk, final-laurdenetako kanporaketari dagokion zozketa egin da eta Lauburu K.E Ibarrak Laskoraingo gure bizilagunen aurka jokatuko du. Abenduaren 30ean izango da topaketa eta ordua oraindik ez dute baieztatu.
AUPA LAUBURU!!!!