Larunbatekoa maila handiko erronka izango da Laubururentzat. Moratuek Zierbena indartsua bisitatuko dute, denboraldia beti ligako titulua lehiatzen amaitzen duen taldea, hain zuzen.
Ibartarrentzat partidu berezia izango da, euskal derbia izateaz gain, aspaldiko urteetan bien arteko neurketetan ez baita gertatu Ibarra sailkapenean bere gainetik egotea. Egindako lan onaren emaitza da, noski, eta bigarren itzulia hiru garaipen jarraian lortuz hasi ostean, Lauburu galipoen kantxara, haiekin bost puntuko abantaila izanda aurkeztuko da. Arrazoi bikaina lehiatzeko eta gozatzeko, eta Lauburuk sailkapeneko lehenbiziko postuak lortzeko lehian, azkenera arte borrokatuko duela erakusten du.
Alfredo Hualde, Ibarrako entrenatzaileak dioen moduan, “dinamika positiboan gaude, eta orain arteko emaitzak entrenamenduetako lana indartzen laguntzen digute. Hemendik denboraldi bukaerara non kokatuko garen jakiteko neurtzaile bikaina izango da larunbateko norgehiagoka”. Alfredok lantalde osoa izango du eskura, Zumeta izan ezik, azken ordurarte zalantza izango delarik.
Zierbena, bere aldetik, ez da azken denboraldietan erakusten zuen potentzial hori erakusten ari. Bizkaitarrak, nahiz eta sailkapenean goiko multzoan dauden, errendimenduan atzerapen txiki bat jasan dute eta derbi hau galduz gero, denboraldi bukaerako azken zatirako oso jota geratuko lirateke. Lehenengo itzuliko neurketan Zierbenak irabazi zuen Belabietan, 2-3ko emaitza justuarekin.
Gauzak honela, larunbateko partiduak euskal areto futboleko ikuskizun bikaina izateko osagai guztiak ditu. Norgehiagoka zirraragarri hau ikustera joatea animatzen dugu afizioa.
Ezin duenak klubeko twitterretik jarraitu ahal izango du @LAUBURUKEIBARRA
Ez ahaztu, LARUNBATA OTSAILAK 3, 17:00etan
GOAZEN LAUBURU!!!