Larunbatean 18:30ean, Lauburu KE Ibarrak denboraldiko norgehiagokarik ikusgarriena jokatuko du Belabietan. Guardo FS Deporcyl taldea izango dute moreek aurrean, ligako titulua irabazteko lehian faboritoetako bat. Egun horretan hiru puntuak etxean geratzeko, ezinbestekoa izango da publikoaren laguntza eta babesa. Bi taldeak goiko postuetan kokatuta daude 17na punturekin.
Guardo FS Deporcyl, bederatzigarren jardunaldi honetako aurkariak, maila handiko jokalariak lortu ditu bere taldean, bigarren mailarako igoera borrokatzeko helburuarekin. 2.B-ko 2. multzo honetan parte hartzen berria da eta goiko kategorietan eskarmentu handia duten jokalariekin indartu da udan, baita nazioarteko jokalariren batekin ere. Bere jokoa, aurrez aurrekoan kalitate handiko jokalariek egiten duten eraso gogorrean oinarrituta dago; 40x20an burutzen duten borrokak oso talde lehiakorra eta itogarria bilakatzen ditu aurkariarentzat. Hala ere, Palentziakoek bolada txarrarekin etorriko dira Belabietara, azken norgehiagoketan berdinketa eta porrot bana egin baitute. Belabietara beraz, bolada hori iraultzeko gogotsu etorriko dira.
Ibartarrak berriz, esfortzurik handiena egin beharko dute larunbatean, eta bakoitzaren bertsiorik onena atera. Aste guztia darama taldeak partida hau mimoz prestatzen. Andoni Agirrezabala azken unera arte zalantza izango da, pasa den jardunaldian, Kukuyagaren kontrako norgehiagokan izandako lesioagatik. Jorge ere ez da bertan izango arrazoi pertsonalak medio. Gainontzeko jokalari guztiak ondo entrenatu dute eta %100 egongo dira.
Alfredok hitz hauek eskaini zituen larunbatari begira: “Egutegian ondo azpimarratuta genuen norgehiagoka izango da larunbatekoa, gehien jokatzea gustatzen zaigun horietakoa, eta gure arma guztiekin aterako gara lehiatzea. Aurkariaren kalitateaz kontziente gara, eta gure mailarik onenean jokatuta ere, zaila izango dela badakigu. Ibarrako jarraitzaileei deitzea besterik ez zaigu geratzen, larunbatean Belabietara hurbildu eta taldeari laguntzeko eskatzea. Ikuskizuna ziurtatua dago”.
Ez ahaztu, larunbatean 18:30ean, denok Belabietara!!! Kilate asko dituen norgehiagoka bat ikusteko aukera paregabea izango da eta ez du inor hotzez utziko; datorren asteartean jokatuko den Errege Kopako bigarren kanporaketarako atariko bikaina izango da.
Gogoan izan, atsedenaldian zozketa bikoitza izango dela: alde batetik, sarrera zenbakiekin Danon Txokoa eta Mahala laguntzaileen produktu sortak zozkatuko dira, eta beste aldetik, Danon Txokoa jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko da Lauburuko bazkide guztien artean.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenMorez #ZurekinGehiagoGara