Larunbatean etxera itzuli ginen eta, beste behin ere, pozez betetzen gintuen Belabietako harmailak baldintzarik gabeko zaleekin ikusteak. Horrela, ilusio handiz, Marcos, Eric, Boli, Chuky eta Uri bostekoarekin hasi genuen partida.

Hasierako minutuei dagokienez, ez ziren onenak izan, 2:20 bakarrik pasata Almonacidek markagailua estreinatu baitzuen (0-1) trantsizio on baten ostean. Horren aurrean, egoerari aurre egiten jakin izan genuen, eta, 3 minuturen buruan, partida berdindu zuen Chuckyk (1-1). Handik bi minutura, Txikik aurretik jarri gintuen lapurreta garrantzitsu bati esker. Hortik aurrera eta Jotak partidaren amaieran adierazi zuen bezala, taldea ondo egon zen, indarrak parekatu genituen, eta atsedenaldirako 10 minutura, 3 eta 1eko aldea jarri zuen markagailuan Urik.

Aldageletatik bueltan, Uri, Txiki, Chuky, Eric eta Dani izan ziren bigarren zatiari hasiera emateko arduradunak. Jokaldietan zehar hainbat aukera izan arren, ez ginen oso fin ibili amaieran. Aurkariari dagokionez, atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen Ibarratik zerbait eramateko asmoarekin. Hala ere, badakigu beti dela arriskutsua 5eko jokoa aukeratzea, eta, horrela, Oscar eta Chuky izan ziren partida erabakita uzteaz arduratu zirenak, 1:39 eta 15 segundora iristen ziren azken bi golekin, hurrenez hurren.

Zortzi jardunaldi eta topaketa bat gehiago puntuak batuta. Sentsazioak oso onak dira eta, gainera, gure entrenatzailea ere oso pozik dago jokalarien asteroko lanarekin. Orain, hurrengo jardunaldian pentsatu behar dugu, berriz ere etxean jokatuko baitugu, oraingoan Otxartabe bilbotar indartsuaren aurka. Asko aurreratu nahi ez dugun arren, klubeko zuzendaritza batzordetik gauza oso bereziak antolatzen ari gara larunbaterako. Horregatik, sare sozialetara adi egon zaitezten, eta larunbatean Belabietara etortzeko agenda itxi dezazuen animatzen zaituztegu.

GOOOOOAZEN!!!!