Ligako bigarren jardunaldia jokatu dugu gaur Bilboko Otxartaberen aurka, eta horrekin batera, Igande ezberdin batetaz gozatu ahal izan dugu Donostian.

Dani, Beñi, Alvaro, Zaldua eta Chukyrekin hasi dugu lehen zatia, eta aurkariak nahi baino lehenago ireki du markagailua, 2:30 minutuan, ezker hegaletik, eta jokalarietako bat arrisku eremuan bakarrik zegoela aprobetxatuta (0-1). Handik gutxira, Beñat Zalduak erantzun bikaina eman du urruneko jaurtiketa batekin, eta, ukitu duen arren, eskuetatik egin dio ihes baloiak atezainari (1-1). Indarra eman digu berdinketak, baina Otxartabek oso azkar erreakzionatu du, eta segundo batzuk geroago berriro sartu du gola (1-2).

Lehen 3 minutuen barruan 3 gol ikusi ondoren, ordena pixka bat jartzen saiatu gara. Horretan murgilduta, amaieran asmatzea falta izan zaio Chukyri Raulen diagonal bat jaso ostean. Ondoren, bikain utzi dio paralela bat Raulek Unaxi, azkenik Euskal Ligakoak baloia Chukyri bidaltzeko. Gertuago egon da kolonbiarra, baina oraingoan ere ez du asmatu. Buru belarri helburua lortu nahian, area barruan galdutako baloi bat berreskuratu, eta beste gol bat sartu dute bilbotarrek atsedenaldirako 8 minutu luze falta zirela (1-3).

1-3koarekin, jakin bagenekien denbora asko genuela aurretik. Dena den, bisitariek egoera zaildu dute ekintzetako bakoitzean. Are gehiago, Zalduak gelditu duen kontraerasoan aldea handitzeko zorian egon dira, eta horrek ondorioak izan ditu, bere lehen txartel horia jaso baitu gure jokalariak. Gainera, zeharkako hutsegite arriskutsu bat iritsi da, Danik bere trebetasun handiari esker gelditu duena. Horri esker, atsedenaldira markagailuko emaitza gehiago mugitu gabe joatea ere lortu du galiziarrak.

Aldageletatik itzuli ondoren, bigarren zatiari eman diogu hasiera Marcos, Beñi, Chuky, Gorka eta Ivanekin. Aurkariak eroso jarraitzen zuen, eta Marcosek bata bestearen atzetik aldendu dituen aukerak sortu ditu. Halaber, amaierarako 14 minuturen faltan, Otxartabek bosgarren falta igo du, eta horri etekina atera ahal izan badiogu ere, aurkako penaltia iritsi, eta laugarren gola igo dute (1-4). Momentuko tentsioa medio, bosgarren falta egin dugu, eta baldintza berdinetan jarri gara.

Horrekin guztiarekin, Diestrok atezain jokalariaren aldeko apustua egin du. Erabakiari eutsita, penalti bikoitza sartu du Chukyk (2-4) eta bigarren jaurtiketa arrakastatsua (3-4) lortu du Zalduak.

Egoera iraultzeko, aurkariak ere 5eko jokoaren aldeko apustua egin du; izan ere, gehiegi hurbildu gara markagailuan, eta jarrera aldaketa nabaritu zaigu. Horri taldeko koordinazio ona gehituta, Gorkak gola sartu du unerik onenean (4-4). Zailena lortu ondoren, bilbotarrek partida erabakita utzi dute azken minutuan (4-5), errebote batean.

Amaieran, Diestrok hitz garrantzitsuak adierazi nahi izan ditu: “1-4ko emaitza bati eman diogu buelta, eta taldea oso ausarta izan da. Bide onean gaude, dinamikan sartuta, eta ikaskuntza prozesuari minutuak ematea besterik ez zaigu falta”.

GOOOOOAZEN!!!!!!!!!!