Larunbatean Segoviara joango gara Ligako hamaikagarren jardunaldia jokatzera (18:30ean, San Cristobal Udal Kiroldegian). Denboraldian egin beharko dugun bidaia luzeenetako bat da asteburu hontakoa, eta, beraz, goizean goiz irtengo gara Ibarratik, garaiz iritsi, eta partida hasi aurretik zertxobait deskantsatu ahal izateko.

Aurkariari dagokionez, 2B mailra igo berria da, eta zortzigarren postuan dago 14 punturekin. Horrekin lotuta, oraindik jaitsierako postuetatik gertuegi jarraitzen dugun arren, puntu bakarrak aldentzen gaitu segoviarrengandik; izan ere, taularen erdiak aldatu gabe jarraitzen du, azken aste hauetan nagusi izan den berdintasuna mantentzen delarik. 

Horrela, bigarren itzulira gure egungo egoera asko aldatuko lukeen lasaitasunarekin joateko erabakigarria izan daitekeen topaketa bati buruz ari gara hitz egiten. Aste oso zailak izan ditugu, baina eszenatokia aldatzen ari gara gutxinaka, eta gauzak ondo egiten jarraitu nahi dugu, gogoarekin eta jarrerarekin. Horretarako, Diestrok deialdia errepikatu du eta jokalari guztiek, Euskal Ligako Martin Iraola barne, bidaiatuko dute Gaztela eta Leongo hiri polit honetara.

Zaleei albiste onak ematen jarraitzeko irrikitan gaude! GOOOOOOAZEN!!!