Lauburu Ibarra Mahala taldeak 4-3 irabazi zion Siero taldeari ligako zortzigarren jardunaldian, eta gazteen ohorezko mailako 2. taldeko lehen postuen aldeko borrokan jarraitzen du. Partida amaitzeko 9 minuturen faltan, gipuzkoarrek 4-1 irabazten bazuten ere, ez zuten zuten errenta kudeatzen jakin eta sufritzen amaitu zuten maila ona eskaini eta porrota garesti saldu zuen talde asturiarraren aurka.
Partida hasi eta Asturiasko taldeak pista erdiko aldaketen defentsa bat planteatu zuen, helburu argi batekin: baloia berreskuratzea, kontraerasoan azkar ateratzeko. Ibartarrak indartsu zelairatu ziren partidaren hasieran, eta baloi errekuperazio onak izan zituzten pista erdian, zein hiru laurdenetan. Dena den, asturiarrek erabilitako defentsaren aurrean, ez zuten lortzen jokaldia arrakastarekin amaitzea. Lehen zatian, lanketa gutxiko joko zuzena erabili zuten bisitarien kontsigna argia zen: bigarren zatira garaipen aukerekin iristea, eraikuntzan pase gutxi arriskatzea eta jokalari aurreratuenarekin zuzenean jokatzea.
Publikoarentzat oso ikusgarria ez zen beste partida bat izaten ari zen, etxekoak zehaztasunik gabe jokatzeaz gain, bisitariak ekintza laburretan zein baloia geldituan min egiten saiatzen ari baitziren. Minutuak aurrera joan eta emaitza 0 eta 0-koa izaten jarraitu bazuen ere, lehen zatia bukatzeko 2 minuturen faltan, Martin Ibarbiak bigarren zutoinera jaurtitako baloi bat aurkariak bere porterian sartu eta 1 eta 0-koa jarri zuen markagailuan.
Bigarren zatiaren hasiera talde morearen mesedekoa izan zen. Aurkariak baino erritmo gehiagorekin irten ziren eta partidako 5. minutuan Iker Sanchez eta Jokin Agirretxeren jaurtiketek 3 goleko aldea jarri zuten markagailuan. Topaketa bukatzeko 15 minuturen faltan, partidak zailtasuna irabazi zuen ibartarrentzat eta, handik hiru minutura, bisitariek aldea murriztu zuten markagailuan, baloi gelditu baten ekintza batekin baloia etxekoen atera jaurtiz. Bigarren zati honetan, lehia bizia ikusi ahal izan zen eta bi taldeek dena eman zuten hiru puntuak lortzeko. 9 minutu falta zirenean, Iker Zubelzuk Martin Ibarbiaren estrategiazko ekintza ona burutu eta 4-1ekoa jarri zuen markagailuan. Gol horrek partida bideratuta uzten zuela zirudien, baina norgehiagokaren fase honetan etxekoen momenturik txarrenak etorri ziren. Ez zuten partida “lokartzen” jakin eta ez zituzten higadurako jabetza luzeak jokatu. Egoera horrekin, partida kolpe truke batean bihurtu zen eta amaiera iristeko 2.15 minutu falta zirenean, Asturiasko taldeak etekina atera eta markagailua 4-3-ra igo zuen. Talde bisitariak etxekoak inguratu zituen eta gipuzkoarrek lan gogorra egin behar izan zuten garaipena lortzeko.
Partida amaieran entrenatzaileak hurrengoa adierazten zuen: “hainbat aste daramatzagu txapelketan baloiarekin batere fin ez gaudela. Maila batean entrenatzen badugu ere, beste batean jokatzen dugu eta, puntu horretatik abiatuta, gustatuko litzaidaken bezala jokatzen ari ez diren jokalariei probetxurik onena ateratzea lortu behar dugu. Eta horri, baloi geldituen defentsan ez ezik, erasoan ere gaizki aritu garela gehitzen badiogu (bi gol sartu ditugun arren), partidako albisterik onena garaipena izan dela uste dut. 9 minuturen faltan 4-1 irabazten joan arren, ez dugu denbora eta faltak ondo administratzen jakin eta ondorio latzak ekarri zitzaken arazo larri batean sartu gara. Oraingoz ondo ateratzen ari da, baina ez da beti horrela izango. Lehiaketako fase garrantzitsu batean sartuko gara eta bertan berriro ere jokoan konfiantza irabazi beharko dugu, golak lortzeko aukera gehiago emango dizkiguten arma hoberenekin lehiatu ahal izateko”.