Lauburu Ibarra Mahalak 2-5 irabazi zion Otxartaberi Ligako hamaikagarren jardunaldian. Ibartarrek egungo liderra den taldearen aurka lehiatu ziren eta 40 minutuak oso serio jokatu zituzten. Garaipenarekin lortutako 3 puntuei esker, talde morea Ligako hirugarren postuan kokatzen da eta bakarrik 3 puntuk urruntzen dituzte lehen sailkatuetatik. 
Partida etxekoen jabetzarekin hasi zen. Lauburuko jokalariei dagokienez, defentsa erasokorra egin zuten eta bertakoen akatsak sorrarazten saiatu ziren, bukaera azkarrak bilatzen zituztelarik. 
Horrela, partidako 9. minutuan, Oier Goikoetxeak baloi geldian egindako ekintza batekin, talde moreak aurre hartzea lortu zuen. Horrez gain, soilik 3 minutu beranduago, 0 eta 2-koa jarri zuten markagailuan.
Esan bezala, ibartarren aldetik, partida oso serioa izaten ari zen. Ahaleginean konprometituta zeuden eta ideiak erasoan oso argi zituzten. Dena den, liderra kategoria oneko jokoa erakusten ari zen eta penalti bikoitzeko ekintza batekin markagailuan gerturatzea lortu zuten; lehen zatia bukatzeko 6 minuturen faltan. Emaitza horrekin, talde morea ez zen makurtu eta, 5 faltekin jarri baziren ere, ausart jokatzen jarraitu zuten.
Aurrerago, lehen zatia bukatzeko 3 minuturen faltan, talde bizkaitarrak berdinketa lortu zuen. Gol hori sartu eta 30 segundu pasa ostean, beste penalti bikoitz bat jaurti zuen aurkariak, baina, Markosek jaurtiketa gelditzea lortu zuen. Handik gutxira, Alvarok ere jaurtiketa bikaina egin zuen baina bertako atezainak gola saihestu zuen. Beraz, berdinketarekin iritsi ziren lehen zatiaren amaierara. 
Bigarren zatia lehenengoaren antzekoa izan zen. Aitor Arevaloren mutilak erasokorrak izaten jarraitu zuten eta aurkariei akatsak eragiten saiatzen jarraitu zuten, kontraerasoan azkar ateraz. Horri esker, bigarren zatiko 9. minutuan, Iñigo Iriartek 2 eta 3-koa jartzen zuen; ekintza kolektibo baten ondoren. Gol horrek are gehiago hazi zituen moreak, eta jokatzeko 10 minutu falta zirela, talde solidarioa zela erakutsi zuten. 
Minutuak aurrera zihoazen eta soilik 3-ren faltan, etxeko taldeak 5x4ko jokoaren aldeko apustua egin zuen, ibartarren paseak itxiz. Partida bukatzeko 2 minutura, Marcosen jaurtiketa batek 2 eta 4-koa jarri zuen markagailuan. Horrez gain, talde moreak distantzia gehiago jarri nahi zuen emaitzen artean eta, azkenean, Aimar Iturriozek 2 eta 5-ekoa lortu zuen. 
Partida amaitzean entrenatzaileak hurrengoa adierazi zuen: “Denboraldi osoan egin dugun defentsarik onena egin dugu partidan eta, maila hau edukitzen jarraituz gero, gauzak oso ondo egin beharko ditu aurkariak gu irabazteko. Batez beste 9 gol sartzen zituen talde bat genuen aurrean, Ligako sailkapeneko ia talde guztiei golak sartu dizkietena. Aurkariaren ahuleziak aztertuak genituen, eta primeran gauzatu dugu aurreikusitakoa. Talde bezala indartzen gaituen garaipena da eta gabonetako atsedena ondo etorriko zaigu indarrak hartu eta lehen itzuliko azken txanpari aurre egiteko. Bigarren itzuliari dagokionez, oso gogorra izango da eta, ilusioz beteriko helburuak lortu nahi baditugu,  ezin izango dugu hutsik egin”.
Taldea urtarrilaren 2an itzuliko da entrenamenduetara, urtarrilaren 11ean Portus Amanusen aurka izango duten konpromisoa prestatzeko. Partida Belabietan disfrutatzeko aukera izango dugu, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.