Lauburu Ibarra Mahala taldeak 9-0 irabazi zion Kantabriako Portus Amanus taldeari Ligako hamabigarren jardunaldian. Garaipen honen ondoren, ibartarrak sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dute; bigarren postuan dagoen Otxartabetik puntu bakarrera eta lehen postuan dagoen Zierbena taldetik hiru puntura.
Partida bikaina jokatu zuten etxekoek eta aukera gutxi utzi zizkien markagailuaren emaitza txarraren arren azken momentura arte borrokatu zuen talde bisitariari. Astean zehar, Aitor Arévaloren mutilek bi lagunarteko jokatu zituzten eta horietan garaipena lortu ezin izan zutela gogoan edukiz, baloi erritmo biziarekin eta defentsa gogor eta oldakor batekin zelairatu ziren. 
Horrela, hiru faktore horien ondorioz, aukerak iristen hasi ziren eta, gutxinaka, baita lehen golak ere. Iker Sanchez izan zen markagailua irekitzen lehena partidako 6. minutuan; Martin Ibarbiaren asistentzia baten ondoren. Minutu bat geroago, aipatutako bi jokalariek paperak trukatu eta, oraingo honetan, Iker Sanchez zen baloi bikain bat berreskuratu eta Martin Ibarbiari hura bueltatzen ziona.
Hiru minutu geroago, Iñigo Iriartek 3 eta 0-ekoa jarri zuen markagailuan Oier Goikoetxearen pase on bati esker. Aurrerago, lehen zatia amaitzeko 5 minuturen faltan, Jokinek 4. gola igo zuen markagailura eta, handik gutxira, zehazki 4 minutu falta zirela, Asier Izagirre 5 eta 0-koaz arduratu zen, lehen zatiari bukaera emanez.
Atsedenaldiaren ostean, jokoa ez zen aldatu. Ibartarrek baloiaren erritmoa handitu zuten eta 6 minututan 4 gol gehiago sartu zituzten Alvaro Alonsoren, Iñigo Iriarteren eta Martin Ibarbiaren bitartez.
Emaitza honekin, hasieratik amaierara nagusi izan zen talde baten garaipena ikusi ahal izan zen Belabietan. Hobetzeko gauzak badaude ere, egunerokotasunean eboluzionatzen jarraitzeko konpromisoa erakusten duen taldea da ibarrakoek osatzen dutena. 
Honekin guztiarekin, Aitor Arévaloren taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu postu nagusietarako lehian jarraitzeko eta, bihartik aurrera, bi aste barru Yesos Castaño talde asturiarraren aurka jokatuko duten partida prestatzen hasiko dira.
Entrenatzailearen hitzetan: “Taldea oso indartsu atera da zelaira eta denboraldiko partidarik onena egin dute baloiarekin. Baloirik gabe ere oso sendo aritu gara eta lortutako golek superioritatea irabazteko aukera eman digute. Taldearen konpromisoa eta inplikazioa ikaragarria da; eta ez bakarrik jokatu duten jokalariena, baita entrenamenduetan eta egunerokotasunean parte hartzen dutenen horiena ere, eta hori oso gauza polita da. Beraz, denok gara lortutako emaitzen partaide. Denboraldi hasieran ez genuen imajinatzen lehen postu hauengatik borrokan arituko ginenik, beste talde batzuek talentu indibidual handiagoa baitute. Baina, hala eta guztiz ere, oso talde solidarioa garela erakusten ari gara eta hori, mantenduz gero, txapelketa honetan urrun iristeko aukera eman ahal digun bertute bat da”. 
AUPA LAUBURU!!!!