Bihar Iruñera joango gara AD San Juan gure aspaldiko ezagunaren aurka Ligako zazpigarren jardunaldia jokatzeko. Norgehiagoka arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta, nafarrek batez ere etxean duten indarraz jabetuta, pistara gehiagorako gosez salto egiteko asmoz bidaiatuko dugu, partida osatzen duten 40 minutuetako bakoitzean ahalik eta gehiena emanda.

Aurkariari dagokionez, sailkapeneko 7. postuan dago egun, 3 garaipen eta 3 porroten ostean 9 puntu pilatuta. Hala ere, badakigu hau hasiera besterik ez dela. Horregatik, ez dugu ahaztu behar taularen goialdean egotera deitua dagoen talde bat dela, eta beti erakusten duela bere indarra eta gaitasuna.

Horren aurrean, Arreguik deialdia errepikatu du, eta jokalari guztiak deitu ditu Ekain izan ezik, eta, Chukyk adierazi duen bezalaxe, “asteburuko partida balitz bezala” prestatu dituzte asteko entrenamendu saioak. Gainera, kolonbiarrak gaineratu du, oro har, “bereziki gogotsu” daudela larunbateko neurketari aurre egiteko.

Beraz, gehitzen egiten jarraitzea espero dugu, gogoan izanda zein funtsezkoa den kategoria honetan hasieratik gauzak ondo egitea. GOOOOAZEN!!!!