LAUBURU KE IBARRA – OTXARTABE C.D.
Ibarrak etxean jokatuko du berriro larunbatean. Belabietan azkena jokatutako norgehiagokatik hilabete pasa denean, Alfredo Hualderen mutilak bere kantxara itzuliko dira garaipenaren bidea berrartzeko asmoz, Burgosen pasa den astean lortutako berdinketa gazi-gozoaren ostean are gehiago.
Zaila izango da baina; Ibarrara datorren aurkaria kategoriako handienetakoa da-eta. Igo berria izan arren, bilbotarrak izen handiko lantaldea osatu zuten. Lehenengo eta bigarren mailan ibiliak diren jokalariak dituzte tartean. Guztien gainetik azpimarratzekoa Yeray Hernandez da, Espainiako selekzioarekin nazioartean ere izan baitzen. Rodrin taldeak beraz, badu nahikoa argudio alturako dueluan parte hartzeko Ibarran. Bizkaitarrek gainera, porrotarik ezagutu gabeko zazpi jardunaldi daramatzate, eta Lauburutik sei puntura daude sailkapenean. Alde horretatik ere, zirraragarria izango da norgehiagoka.
Ibartarrak, pasa den astean gripeak hainbat jokalari KO utzi ondoren, osatze lanetan aritu dira astean zehar. Aitzol eta Alex izan ezik, norgehiagokarako prest izango dira beste guztiak; lehenengoa zalantzakoa izango da, urdaileko arazoak medio, eta bigarrenak ohiko lesioarekin jarraitzen du. Jokalariek norgehiagoka honen garrantziaz jabe dira eta kontzentrazio handienarekin prestatu dute.
Ibarrako misterrak hitz hauek esan zituen: “Bertan dituen izenengatik bakarrik, alerta jartzen zaituen aurkaria da; gauzak oso ongi egin behar dituzu lehiatu eta partida zurekin eramateko. Hainbeste motibatzen gaituen borroka honetan, gure armez baliatzeko eta gure intentsitatea zein erritmoa inposatzeko aukera bikaina izango da zaleei poz handi bat eman nahi badiegu”.
Norgehiagoka 18:30ean izango da Belabieta kiroldegian
Ohiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango da.
Ez ahaztu: LARUNBATA URTARRILAK 19, 18:30ean
Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian Danon Txokoa jatetxeak eskainita, bi lagunentzako afari bat zozkatuko da klubeko bazkide guztien artean.