Ligako azken norgehiagokatik aste batzuk pasa badira ere, datorren denboraldirako lantaldea osatzen buru-belarri ibili da kluba. Alfredo Hualde, lehenengo taldeko teknikoaren jarraipenarekin proiektu honen lehenengo pieza osatuz, pauso garrantzitsu bat aurreratu du klubak.
Teknikari nafarrak taldea bi denboraldiez jarraian gidatu ostean, eta bietan errege koparako sailkatuz emaitza bikainak lortuta, beste urtebetez jarraituko du lehenengo taldearen aurrean.
Bai klubak bai teknikari berak ere, datorren urteko bidea elkarrekin egiteko hautua egin dute. Taldea liga erregularreko txapelketan murgilduta egoteak atzeratu du atzeragotik zetorren erabakia.
Honela beraz, Alfredok hirugarren urtez jarraituko du, eta 2017an etorri zenetik, taldea, bere multzoan erreferente izatea iritsi da. Azken unera arte titulua borrokatzeak edota errege kopa Belabietan jokatzea bezalako une magikoez betetako denboraldia igarota, proiektuari jarraipena eman eta guztiaren bila joatea da helburua.
Datorren denboraldiari begira, klubak garbi dauka: Areto futbolaz gozatzen jarraitzea Belabietan, Ibarrako zaleak erakartzea eta azken bi urtetan lortutakoa lortzen saiatzea.
Beste denboraldi batez berritu ostean, honela zioen entrenatzaileak: “Gogorra izan da azken denboraldia, baina azken unera arte gozatu dugu. Zapore gazi-gozoarekin amaitu genuen, beraz, hobetzen saiatu behar dugu beste urtebetez. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari nigan jarritako konfiantzagatik, eta jokalariei ere bai, proiektu gogor eta zirraragarri honetan jarraitu nahi izateagatik”.
Denboraldi berrirako aurredenboraldia zirriborratua dute jada klubeko teknikariek. Aurretiazko lan fisikoa eta gero, lantaldea abuztuaren 12an bilduko da aurredenboraldiari hasiera ofiziala emateko. Bertan, puntuan jartzea helburu duten hainbat norgehiagoka jokatuko ditu taldeak.
Lantaldearen osaketa ez da amaitu oraindik eta kluba jokalari zein teknikarien berrikuntza lanetan dihardu, baina itxura duenez, pasa den denboralditik hona ez da aldaketa handirik izango. Laster esango da lantaldea nola osatu den eta denboraldi berrirako izango diren berrikuntzak.