LAUBURU KE IBARRA MAHALA – CD OTXARTABE
Lauburu Ibarra Mahalak 4-8 galdu zuen Otxartaben aurrean, honela bere hirugarren porrota jarraian gehitu duelarik. Aitor Arevaloren mutilak lehenengo bi sailkatuen kontra jokatutako partida onetik zetozen, baina orduan erakutsitako maila dezente jaitsi zuten eta ate aurrean eraginkorragoa izan zen talde bizkaitarraren aurreran erori ziren.
Norgehiagoka ez zen bertako taldearen aldeko hasi, 30 segundora baloia galdu eta bisitariek 0-1ekoa egin baitzuten. Aurkaria erasorako ideia oso garbiekin etorri zen Ibarrara, presio irteeretan aurre-fabrikatutako jokaldi asko eta baloia bandatik ateratzen zen aldi oro joko zuzena. Hamargarren minutuan bisitariek 0-2 egin zuten eta minutu bat beranduago Cuadradok 1-2koa sartu zuen Oihan Arrospiden kontra egindako penalti bat gauzatu zuenean. Gol honek animoak eman zizkion taldeari eta bi minutura, Alvaro Alonsoren bandako ekintza batean aurkari batek bere atean sartu zuen markagailuan berdinketa ezarriz. Ibarrakoen pozak ez zuen asko iraun hala ere, hiru minutura bi golen aldea jarri baitzuten bisitariek, lehenengo zatiaren amaieran markagailua 2-4ko emaitzarekin utziz.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzerakoa izan zen, 30 segundora Otxartabek 2-5ekoa egin zuen. Taldeari kasta atera zitzaion orduan eta norgehiagokaren unerik onenak izan zirenetan, bisitaria bere arean erabat inguratu zuen eta aukerak bata bestearen atzetik sortu ziren. 13 minutuen faltan Iraitz Beak 3-5ekoa jarri zuen markagailuan eta minutu bat beranduago Martin Ibarbiak 4-5ekoa egin zuen. Denbora geratzen zen oraindik eta norgehiagoka iraultzeko aukera bazegoen, baina taldeak defentsan ez zuen nahikoa intentsitate erakutsi eta bisitariek inguratzen ziren guztietan gola hurbil ibiltzen zen. 10 minutu falta zirela eta minutu bakar batean aurkariak 4-7ra igo zuen markagailua. Bertako taldeak bostekoa atera zuen eta saiatu zen, baina azkenean 4-8ko emaitzarekin amaitu zen.
Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak irakurketa hauxe egin zuen: “Taldeak ez du behar bezala lehiatu, ez gara konpromisoak eskatzen zuen neurrira egon. Talde batek motibazio maila bera izan behar du talde baten edo bestearen kontra jokatzerakoan; ez bada horrela egiten edozeinek irabaziko dizu. Defentsa-lanetan intentsitatea falta izan zaigu eta horrela zaila da irabaztea. Talde honek 18 gol sartu dizkigu, jaso ditugun gol guztien heren bat, hain zuzen. Sartu dizkiguten golen analisia egiten badugu, oso leku txarrean geratzen gara. Gaurko porrota bidezkoa izan da;  jardunaldi bakoitza klubarekiko errespetu eta fideltasun osoarekin baloratzeko balio izan behar digu”.