Lauburuk aurredenboraldiko lehenengo partida Iruñan jokatu du
Pasa den larunbatean, hilak 19an, gure lehenengo taldeak 2017-2018ko Ligarako prestaketaren baitan bere lehenbiziko lagunartekoa jokatu zuen. Nafarren aldeko 6-2ko emaitzarekin amaitu zen neurketa, eta aurreneko zatian erabaki zen, San Juan taldea kontzentratuago eta biziago atera baitzen. Bi taldeak defentsak altu ipiniz hasi zuten partida, jokoari ikusgarritasuna kenduz eta baloiaren jabetza-denbora gutxituz. Defentsan bizi egon zen San Juan taldeak lehenbiziko zatiaren erdialdera 3-0eko emaitza egitea lortu zuen, horietatik bi, Ibarrak baloia ateratzean birritan galdu ostean eta hirugarrena falta zuzen baten ondorioz. Hortik aurrera indarrak asko berdindu ziren: lehenengo gola, moratuen triangulazio bikain baten ostean Igorrek bigarren zutoinetik egin zuen; [...]