LAUBURU K.E. IBARRA MAHALA – A.D. LARDERO
Lauburu Ibarra Mahalak bana egin zuen AD Larderoren kontra, ligako zazpigarren jardunaldian eta denboraldiko lehenbiziko puntua eskuratu du. Aurkariak baino gehiago lortzea merezi izan zuten ibartarrak, baina ezin izan zuten Errioxako taldea gainetik kendu nahiz eta denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzeko aukera garbiak izan zituzten.
Norgehiagoka oker hasi zen etxekoentzat. Hirugarren minutuan bisitariak aurreratu ziren, estrategia jokaldi batean jokalari more batek baloia bere atean sartu zuenean. Presa handiekin ibili zen hasieran etxeko taldea eta ez zen norgehiagokan eroso sentitu. Alta, minutuak aurrera joan ahala, lasaitzen eta asentatzen joan zen eta ondorioz, lehenbiziko aukerak iristen hasi ziren, trantsizioetan, posizio-erasoetan edota estrategia jokaldietan. Gol-aukerak ikusita norgehiagoka moren alde jarriko zela zirudien, baina hauen joa ezak markagailua astintzea eragozten zuen. Lehenengo zatia halaxe amaitu zen, errioxarren aldeko abantailarekin.
Bigarren denbora hasi zen eta partidua ireki egin zen, bi taldeak hasi ziren aukerak sortzen aurkariaren atean, baina hala ere, emaitza geldirik mantendu zen. Aitor Arevaloren mutilak berdinketa bilatzen zuten nola-hala, baina azken jaurtiketan edo azken pasean ez zuten asmatzea lortzen eta azken bost minutuetara 0-1eko emaitzarekin iritsi ziren. Bosna faltarekin zeuden biak, beraz edozer gauza gerta zitekeen. Etxeko taldeak bosteko jokoa atera zuen errioxarrak bere kantxan sartuz, eta baloia lasaitasunarekin ukitzen hasi zen, aurkariaren desgastea eta tiratzeko aukera onena bilatuz. Markagailuan atzetik joanda eta denboraldi osoan partidarik irabazi gabe egonda, ez da batere lan erraza, punteria faltagatik norgehiagoka galtzeko zorian zaudela ikusita are gehiago, baina mutil hauek gogorrak dira eta ez dute inoiz etsitzen, eta markagailuan azken segundoa markatzen zuenean, Iker Zubelzuk kanpotik botatako jaurtiketa batekin gol bikain bat sartu zuen banako berdinketan amaituz.
Norgehiagokaren ondoren, entrenatzaileak zioen: “Azken segundoan lortutako berdinketa izanda ere, porrota dirudi, taldeak hiru puntuak nahi zituelako eta azkeneko unera arte saiatu da hori lortzeko, baina jokaldiak amaitzeko abileziarik ez dugu izan. Hala ere, mutil hauek 40 minutuetan zehar egin duten esfortzua azpimarratu nahi dut, ez baitute inoiz etsi, eta une oro partidua aurrera ateratzeko borrokatu dute. Irabaztea merezi genuen”.
Mutil hauen lanarekin harro gaude klubean, aurten taldean burutu den berregituratzeak ekarri duen zailtasunarekin kontziente gara-eta. Ikusten dugu inoiz baino gehiago ari direla lanean eta ez dutela inoiz etsitzen, horren adibide da, larunbatean azken unean sartutako gol hori.
Klubeko beste gainontzeko taldeei dagokienez, lehenengo territorialak 2-1eko emaitzarekin Herrikide taldearen kontrako derbia galdu zuen oso lehiatua izan zen norgehiagoka batean. Emakumezkoen taldeak aldiz, 0-4 irabazi zuen Lasarte-Oriako Garoa Taberna taldearen kontra, honela, Gipuzkoako Koparen hurrengo errondara pasaz; aupa neskak!. Kadeteak bietatik izan zuten: 2003koak, Mikel Raposorenak, 9-2 irabazi zuten Zarautz KE-ren kontra eta 2004ko taldeak berriz, 2-1 galdu zuen Eskoriatzako Arizmendi taldearen kontra. Azkenik, Infantilak, 7-2 irabazi zuten Arizmendi Eskoriatzaren kontra.