LAUBURU IBARRA MAHALAK BERE ZAZPIGARREN GARAIPENA LORTU DU KANTABRIAN
Lauburu Ibarra Mahalak denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen atzo Apoyo Solidario taldearen aurkako partidan. Moreek gogor jokatu behar izan zuten neurketa aurrera ateratzeko; izan ere, aurkariak aski erakutsi zuen zergatik dagoen bigarren fasera heltzen diren lehen lau sailkatuen artean. Talde morea goizeko 07:30ean abiatu zen Belabietatik Samanorantz Kantabriako taldearen aurka jokatzeko. Aurkariak Ligako txapelduna izatetik datorren Zierbenako jokalari talentudunak gehitu ditu bere plantillara eta, nahiz eta orain arte nahi baino puntu gutxiago lortu dituzten, Aitor Arevaloren mutilek bazekiten norgehiagoka ez zela erraza izango. Etxeko taldeak pista erdiko defentsa batekin eman zion hasiera neurketari. Bien bitartean, ibartarrak pilota azkar zirkulatzen saiatu [...]