Ez dira jardunaldirik onenak izaten ari Laubururentzat. Taldeak lau partida jarraian daramatza garaipena lortu ezinik. Ondorioz, espero bezala, egoera hau errepika ez dadin, ahalegin erantsia egitera behartuta ikusi da taldea. 
Guadalajaran bere partida txarrenetariko bat jokatuta, Ibararte C.D. izango du aurkari aste honetan talde moreak. Nafarroako taldea sailkapeneko laugarren postuan kokatzen da, hirugarren postuan dagoen taldearen puntu kopuru berarekin. Horrez gain, lehen postuetan dauden taldeetaik puntu bakarrera dago eta jokatu dituzten 13 partidetan, 8 garaipen, 2 berdinketa eta 3 porrot pilatu dituzte.  
Horrela, ez dago zalantzarik Ibararte C.D gainditzea ez dela batere erraza izango. Izan ere, nafartarrek izugarri harritu dute denboraldi honetan lortzen ari diren emaitzekin. Gainera, joan den larunbatean, egun sailkapeneko bigarren postuan dagoen eta Laubururentzat oso aurkari indartsua den Tafatrans taldearen aurka jokatutako partida irabazi egin zuten. 
Alfredo Hualderen mutilei dagokienez, Javi Saldise da baieztatutako baja bakarra. Izan ere, Juaristi, azken jardunaldietan ziurtatutako baja bat izan dena, dinamika onean doa eta amaierara arte zalantza izango den arren, gogor ari da lanean asteko entrenamenduak osatzen saiatzeko. Horrela jarraituz gero, larunbatean jokatzeko aukera izango du. Gainontzeko jokalariek, euren mailarik altuena eskainiko dute eta aste osoan egiten ari diren lana eta ahalegina erakutsiko dute. 
Horrekin guztiarekin, Laubururentzat gogorra izango den lehia aurreikusten da larunbaterako. Talde morea ez dago amore emateko prest. Aurkaria garaitu eta betikoak izaten jarraitzen dutela demostratu nahi dute. Alfredo Hualderen mutilen aldetik, indarra, intentsitatea eta gogoaren sinonimo izango da partida. 
Kontuan hartu behar da 5 baino ez direla larunbat honetan Ibarran elkarren aurka arituko diren bi taldeak bereizten dituzten puntuak. Zentzu horretan, biek garaipeneko 3 puntuak behar dituzte. Alde batetik, horiek lehen postua lortzeko balioko liekete Ibararte C.D. taldeari eta, bestetik, Laubururi dagokionez, lehen postuengatik borrokatzea eta aurkari indartsuenengandik are gertuago jartzea ahalbidetuko liekete. 
Beraz, larunbatean, inoiz baino gehiago, gure publikoaren babes eta maitasun osoa behar dugu. Oso jardunaldi gogorrak izaten ari dira taldearentzat, eta Belabietako partida bakar bat ere galtzen ez duten zaleen animoa eta berotasuna beharrezkoa izango da jokalariak babestuta senti daitezen. Oraingoan, lortuko dugu! Oraingoan, bai!
GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!