Egutegian gorriz markatutako eguna zen larunbatekoa. Etxean, Belabietan, Gipuzkoako finala jokatu zuen Lauburuko emakumezkoen taldeak.
Txanpona airera botatzean bezala, jakina da bi aldeetako edozein atera daitekeela. Zortea jokoan dagoela. Eta zortea irabazi egiten dela. Jokatzeko eta irabazteko gogoz joan ziren moratuak Belabietara, eta partidak txanponaren bi aurpegiak izan zituen: aldekoak eta kontrakoak.
Ezkerreko oinarekin hasi zuten ibartarrak partidua. Hasi eta segundo gutxira, etxekoen huts bati esker, Idiazabalgo neskek aurrea hartu eta 0-1 ezarri baitzuten markagailuan. Baina gol honek barruko urduritasunak orekatu eta bihotzarekin ez baino buruarekin jokatzen hasteko aukera eman zien Lauburukoei. Eta gogotsu hasi ziren, indartsu. Joko honen ondorioz iritsi zen berdinketaren gola, Mireia Sarasolaren bidez.
Ondotik, berriz ere aurrea hartu zuten izaldarrek. 1-2 markagailuan eta Idiazabalgo neskek beren jokoa ezarri zuten; eta bertakoak, molde horretara egokitu nahian ibili ziren tarte batean. Presionatzen hasi ziren moratuak eta defentsa lanetan fin aritu ez arren, Lucia Zumetak sartutako golarekin atsedenaldira binako berdinketarekin iristea lortu zuten.
Partida hutsetik hastea bezalakoa izan zen bigarren erdia. Txanpona, ordea, aldeko zuten ibartarrak: etxean jokatzeak eta berdinketaren gola sartu izanak ematen duen konfiantzarekin zelairatu ziren jokalariak, beren jokoa ezartzeko asmoz eta asmoa ez zen irauli. Lortu zuten ibartarrak beraiek nahi bezalako futbola jokatzea, atzean ondo itxita eta erasoan bizi arituta.
Honela etorri ziren partida erabaki zuten bi golak. Lucia Zumetarena lehendabizi eta Maider Lopezena ondoren. Idiazabaldarrak hustuta geratu ziren, ezinean; etxekoak, ordea, puztuta. Eta buruak duen indarra argi geratu zen, beste behin, larunbatean. Burua jaitsi ez zuten arren, ez ziren emaitza horri aurre egiteko gai izan. 4-2koarekin amaitu zen partida eta emaitza horrekin Gipuzkoako Txapeldun bilakatu ginen.
Maider Lopez golegilearen ikurra
Gipuzkoako Txapeldunen saria lortzeaz gain, larunbateko sari ematean Maider Lopez jokalari ibartarra ere saritu zuten. Denboraldian zehar gol gehien sartu duen jokalaria izateagatik (17 gol sartu ditu) garaikurra jaso zuen Lopezek.
Sailkapen horretan, atzetik, Lucia Zumeta dago, Lauburuko jokalaria, hau ere. Zumetak 16 gol sartu ditu ligan osoan zehar eta larunbateko partiduan ere bera izan zen goleatzaile handiena.
Igoera ate joka
Asteburu honetan Santurtzira egingo dute bisita ibartarrek. Bertako taldearen kontra jokatuko dute Euskadiko Txapelketa eta partida horretan erabakiko da bigarren mailara zein talde joango den.
Aurkariak denboraldi biribila egin du, partida bat galdu, beste bat berdindu eta gainerako guztiak irabazi baitituzte. Ibartarrak dituzten erregistro berdinak dira aipatutakoak, moratuek ere bat galdu eta bat berdindu baitute. Dena den, bi taldeak ez dute sekula elkarren kontra jokatu, beraz, ezin da aurreikusi partidak zein norantza hartuko duen.