Lauburu Ibarra Mahalak 1-8 irabazi zion igandean Valle del Ebro errioxar taldeari, bere ligako hamargarren jardunaldian. Talde moreak partida serio bat jokatu zuen zentzu guztietan eta garaipen garrantzitsua ekarri zuen Logroñotik.

Ibartarrak espero ez zuten planteamendu oldarkor bat erakutsi zuen bertako taldeak norgehiagokaren hasieran; errioxarrek pistaren hiru laurdenetan estutzen zuten baloia ostu eta ate morera hurbildu nahian. Ibarrako taldea berriz, bere konbinazio-jokoari leial, presiotik ongi ateratzen zen eta lehenengo aukerak sortzen hasi zen. Zazpigarren minutuan aurreratu ziren markagailuan moreak, baina epaileak baliogabetu egin zuen gola, bideoan ere ikustea zaila egiten den falta batengatik. Jokalari moreak, behera etorri beharrean, baloiarekin erritmo bizia jartzen jarraitu zuten, eta pistako lau jokalariek parte hartu zuten presio-irteera bikain batean Iker Zubelzuk 0-1ekoa egin zuen, 10. minutuan. 3 minutu beranduago Alvaro Alonsok 0-2koa egin zuen eta emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko erdia. Ibarrako taldea bertakoa baino hobea izan zen eta aurkariak izan zituen iritsierak Javi Aierbek ongi zapuztu zituen.

Bigarren denbora hasi zen eta bertako taldeak beste aurrerapauso txiki bat eman zuen. Talde morea bere kantxa erdian zokoratzen hasi zenean, ibartarrak defentsa pista erdian jarri eta kontraerasoan atera nahian hasi ziren. Denbora aurrera zihoan eta bi taldeak aukerak izaten ari baziren ere, markagailuan 0-2koa mantentzen zen. Zortzi minutu faltan, bertako taldeak, aldea murriztu nahian atezain-jokalaria atera zuen eta bere bigarren ekintzan 1-2koa markatu. Gol honek moreak minduko zituela zirudien, baina presio irteera bikain batean Ion Ander Cuadradok gola sartu eta 1-3koa ezarri zuen. Hirugarren tanto honek min handia egin zion bertako taldeari eta bostekoarekin jarraitu zuten, baina bost minuturen faltan Oier Goikoetxea eta Iker Zubelzuk hurrenez hurren, baloia ostu eta 25 segundoetan 1-4 eta 1-5 egin zuten. 2:30 minutu falta zirela, Ion Ander Cuadradok, moreen kantxan baloia ostu eta ate hutsera boteaz 1-6koa egin zuen. Errioxar taldeak etsi eta atezain-jokalaria erabiltzetik utzi zuen; ibartarrak, lasaitu beharrean beste bi tanto gehiago egitea lortu zuten, biak Iraitz Beak egin zituelarik.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak honela zioen: “Aurkariak hasieran aurkeztu duen planteamendua ez genuen espero; partida itxi bat espero genuen eta oso goian estutu gaituzte. Nagusitasunean egonda ekintza askotan huts egin dugu eta haiek bosteko jokoa atera dutenean gol bikaina sartu digute. 1-2koa zen eta larri ibiliko ginela zirudien, baina taldea oso ongi egon da presio-irteeretan eta hirugarren golak lasaitasun pixka bat ekarri digu. Ondoren 5x4ko defentsa hobeto doitu dugu eta norgehiagoka zail bat gainditzea lortu dugu. Mutilak egunez egun hazten ari dira eta geroz eta hobeto lehiatzen dugu, gaurkoa horren isla izan delarik. Lanean jarraitzea tokatzen da orain, garaipen gehiago kontatzeko”.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra