Lauburu Mahala Ibarrak 1 eta 3koarekin irabazi zion Gora Bilbao taldeari Ligako zazpigarren jardunaldian eta sailkapeneko lehen postuengatik borrokatzen jarraitzen du. Aitor Arévalok entrenatutako mutilak gogor aritu behar izan zuten garaipena lortu ahal izateko.
Partida hasi eta bertako taldeak piparreroak arritu zituen 14 metrotako zonako defentsa batekin. Aurreko astean Elorrietako taldeak egin bezala, bertakoen planteamendua oso argia izan zen: akatsak eragin, kontran ateratzeko. Hala ere, Aitor Arévaloren mutilek aurre hartu zuten lehen minutuetan, Aimar Iturriotzek kanpotik egindako jaurtiketa on batekin. Gol horrek partida moreen alde jartzen zuen, baina bertakoen planteamendua eta baloiaren azkartasun falta zela eta, jokoa ez zen oso ikusgarria ikuslearentzat. Partidako 12.minutuan eta bertako misterrak eskatutako hutsarte baten ondoren, aurkariek sistema taktikoa aldatu zuten eta 12 metrotako banakako defentsa erabili zuten. Dena den, baloia piparreroena izaten jarraitu zuen, zeinak akatsa egiteko beldurragatik edota ekintza batzuk bukatzeko konfiantza faltagatik, ez zuten gehiegi arriskatzen. Partidak ez zuen erritmorik, baloiaren jabetza guztiz ibartarra zen eta bertakoek akatsa itxaroten jarraitu zuten. Eta, lehen zatia bukatzeko 18 segunduren faltan eta zati horretako hirugarren iristean, bizkaitarrek berdinketa lortu zuten. Emaitza horrekin bukatu zen piparreroen aldetik zuhurra izan zen lehen zatia.
Aldageletatik pasa eta eraso aldetik ñabardura batzuk estutu ondoren, talde piparreroa erritmo gehiagorekin atera zen zelaira. 20 segundu pasa eta Aimar Iturriotzek baloia lapurtu ondoren, Iker Sanchezek egoera aprobetxatu eta 1 eta 2koa jarri zuen markagailuan. Moreek baloiaren erritmoa igo zuten bigarren zatian, baina azken metroetako 1x1ekoan ekintza desorekatzaileak falta ziren. Minutuak aurrera jarraitzen zuten eta ibartarrek baloiaren jabetza mantentzen jarraitu zuten. Horrela, egoera ez zen asko aldatu eta, dena erabakitzeke zegoela, partidaren amaierara sartu ziren. Bukaera iristeko 1.35 minuturen faltan, bertakoek atezain jokalaria atera eta, bisitarien lehen bi lapurketen ondoren, Álvaro Alonsok 1 eta 3koa jarri zuen markagailuan, 18 segunduren faltan. Hiru puntuek Ibarrara bidaiatu bazuten ere, erasoan erakutsitako nibel ahula zela eta, garaipenak zapore gazi-gozoa utzi zion taldeari.
Partidaren bukeran, honako hau adierazten zuen Aitor Arévalok: “Helburu handiagoengatik borrokatzeko, anbizio gehiago eduki behar da eta gaur hori falta izan zaigu. Baja garrantzitsuekin etorri gara eta beste jokalari batzuek aurrerapausoa emateko momentua bazen ere, lortu ezin izan dugularen sentsazioa geratu zaigu. Aukerak aprobetxatu egin behar dira, hemendik urte amaierara arte partidek exijentzia irabaziko baitute eta, agian, ez dira denontzako aukerak egongo. Partida zaila irabazi dugu, bai bizi behar izan dugun egoeragatik eta baita aurkariaren planteamenduagatik ere. Gainera, ez dugu gure nibel erasotzaile hoberenean lehiatu. Hurrengo astean Siero taldea jasoko dugu, zeina Asturiaseko talde oso lehiakorra den. Beraz, denbora galdu gabe, partida prestatzen hasiko gara”.