Alfredo Hualderen mutilak garaipenaren bidera itzuli nahi dute. Pasa den asteburuan derbian berdindu ostean, oraingoan igo berria den Tauste taldearen kontra jokatzera egokitu zaie moreei. Cinco Villas hirian izango da 18:00etan. Norgehiagoka zaila izango da, baina Lauburuk etxetik kanpora duen indarra erakusteko aukera berri bat ere bai.
Tauste taldea pasa den denboraldian igo zen 2.B-ra meritu propioekin, Zaragozako multzoan 3. maila nazionaletik urtetan igotzen saiatu ondoren. Taldeak izan dituen lehenbiziko konpromisoetan erakutsi du jada, duen kalitatea eta intentsitatea. Liga etxetik kanpora Kukuyaga taldeari irabaziz hasi zuen eta kategoriako faborito den Guardo taldeak ere, ederki sufritu zuen Tausteren kantxan. Sailkapenean bederatzigarren doa hiru punturekin, beraz presio handirik gabe jokatzea ahalbidetuko dio honek. Duten ilusioagatik eta bertako afizio zaratatsuagatik, taldea oso lehiakor agertzea espero da. Raul Izquierdo da lantaldean dagoen jokalarietako bat; lehenengo eta bigarren mailan eskarmentu handia duen beteranoa, hain zuzen, eta berarekin batera, 1x1ean arrisku handia sortzen duten kalitate handiko gazteak. Ibarrakoen defentsa-intentsitatea probatuko nahiko dute.
Lauburuk berriz, norgehiagoka mimoz prestatzen jarraitzen du, duen garrantzia emanez. Garaipen batek goiko postuetan jarraitzea ahalbidetuko lioke, eta horretarako Alfredok, Juaristi salbu, lantalde osoa izango du eskura. Jubenil gazteren bat ere, sartu nahiko du deialdian.
Taldeak etxean egindako berdinketa ordainetan eman eta bere maila onena erakutsi nahi du jardunaldi honetan. Kontzentrazioa mantentzea eta neurketaren 40 minutuetan zehar lehiakorrak izatea oso garrantzitsua izango da. Atera begirako abilezia ere hobetu beharko dute moreek, azken norgehiagoketan ez dira-eta, oso trebe ibili alderdi honetan.
Entrenatzaileak honela zioen: “Astean zehar lan ona egin dugu, entrenamendu bakoitzean hobetzen goaz, gure bertsiorik onena bilatuz. Norgehiagoka hau beste azterketa bat gehiago izango da guretzat, eta gure armarik onenarekin eta dakigun moduan lehiatu nahi dugu hiru puntu gehiago lortzeko. Ez da batere erraza izango, etxetik kanpora jokatzea beti zaila izaten delako eta Tauste taldeak edozeini min emateko gai dela erakutsi duelako; eta bere kantxan oraindik gehiago”.
Ibarrako espedizioa Belabietatik 13:40ean aterako da Taustera aldera eta taldeari bidaian eta norgehiagokan lagundu nahi dion bazkide guztiek, klubeko bulegoan izena emanda bidaiatu ahal izango dute.
Ohiko moduan, Twitter bidez jarraitu ahal izango da norgehiagoka
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez