LASKORAIN K.E. – LAUBURU K.E. IBARRA
Ondo merezitako atseden egunak amaituta, asteburu honetan Gipuzkoako areto futboleko tronua lortzen saiatuko da Lauburu bigarren aldiz. Lauen arteko finala izango da eta Donostiako Bidebieta kiroldegian jokatuko da oso-osorik. Alta, ez da batere erraza izango, izan ere, azken aurreko erronda honetara aurkeztu diren lau taldeak titulua lortzeko nahikoa meritu dituzte-eta.
Ostiralean bertan hasita, Lauburuk Laskorainen kontra jokatu beharko du, Bigarren B Maila honetan multzo berean bidelagun duten taldea. Ikusleek ederki gozatuko duten derbi eder bat izango da, baina bi aurkariak elkar ongi ezagutzeak neurketa prestatzeko garaian zailtasuna ere izango da.
Orain aste batzuk ligako norgehiagokan talde moreak lortutako garaipen estuaren ostean, tolosarrek errebantxa nahiko dute eta beren ohiko jokoaz baliatzen saiatuko dira, defentsan bizi eta erasoan bizkor. Ibartarrak berriz, porrota ezagutu gabeko 12 norgehiagoken boladari jarraipena ematen ahaleginduko dira; 12 norgehiagoka hauetatik 11 ligakoak izan dira eta honek denboraldiko lehenengo itzulia sailkapenean lidergoa partekatzen amaitzea ahalbidetu du.
Ostiraleko neurketan Peña ez da egongo, azken norgehiagokan eskuineko oinean min hartu eta gero; Adrian ere, zalantzako izango da, orkatilan duen lesioaz osatzen saiatuko da azken unera arte. Taldeak bere prestaketa Altsasun amaitu zuen, Araiako Alipendi taldearen eta 19 urtez azpikoen Nafarroako selekzioaren kontra triangeluar bat jokatuz. Bi norgehiagokak 2-0eko emaitzarekin irabazi zituen.
Ostiralean irabaziz gero, moreek larunbatean jokatuko lukete finala, 12:15ean leku berean. Beste finalista Donostiako Antiguoko KE-k eta Tolosako Herrikidek jokatutako norgehiagokan erabakiko da. Azken hau meritu handiz iritsi da hona, gaineko kategoriako aurkariak bidean utzita.
Lehenbiziko finalaurrekoa, Lauburuk parte hartuko duena, 16:00etan hasiko da; bigarrena berriz, 18:15etik aurrera jokatuko da. Betiko moduan Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango da norgehiagoka.
Ez ahaztu: OSTIRALA, URTARRILAREN 4, 16:00etan
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu