Larunbatean eman genion hasiera bigarren itzuliari CD Pinseque etxean hartuta. Kontziente ginen joaneko partidan euren aurka lortutako garaipen sendoak ez zuela esan nahi oraingoan ere jokoa norabide horretan joango zenik, eta hala, lehen minutuetan oso berdinduta egon zen dena. Lan gogorrean murgilduta, talde bisitariari bere kalitateari probetxua ez ateratzen uzten saiatu ginen.

Dena den, 6. minutuan aurkariak markagailua estreinatu zuen hegaleko sake baten ostean, jaurtiketa batean azpitik sartzen zen baloi batekin (0-1). Gero, lehen zatiaren erdialdera iritsi ginenean, pixka bat nagusitzen hasi ginen, baina berriro ere gola sartu zuten area ertzetik (0-2). Bigarren gol hau mingarria izan zen momentu onean geundelako, eta bisitariei lan asko eginarazten ari ginelako, baina min handiagoa eman zuten hurrengo biek, biak azken minutuaren barruan: bata 1×1 on batean hegaletik, eta bestea, estrategian, arrisku gunetik gertu. Emaitza horrekin joan ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ondoren, Pinsequek 0-5ekoa igo zuen oso goiz bigarren zutoinetik. Horrela, norgehiagokari lotzen saiatzen jarraitzen genuen arren, amaierarako 12 minutura, markagailuak 0-6koa islatu zuen Zaragozakoen jaurtiketa bikain batekin. Dena den, soilik segundo batzuk geroago iritsi zen aldeko lehen gola, Raulen eskutik, lapurreta bati esker (1-6).

Aurrerago, amaierarako 7:31ra iritsi zen 1-7koa, kontraeraso batean, gehiago arriskatzeko gora defendatzen ari ginenean. Ivanek kanpotik egindako bi jaurtiketekin lortutako beste bi golekin erantzun zion emaitza horri (lehena 4:24ren faltan, eta bigarrena 1:42ren faltan). 

Ia denborarik gabe, baina behin eta berriz saiatuta, amaiera iragartzen zuen txistua entzun genuen, eta Mikelek honakoa esan nahi izan zigun: “Taldea ez da gaizki ibili. Joaneko partidan ikusitakoaren oso antzekoa izan da gaurkoa, baina alderantziz. Aurkaria oso ondo aritu da, eta asmatu egin du”.

Porrotaren ondorioz, hiru postu galdu ditugu, baina helburutik oso gertu gaude oraindik, eta, beraz, hurrengo norgehiagokan jarri behar dugu arreta, eguna iristen denean ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, berandu izan baino lehen.

GOOOOOOOOAZEN!