Larunbat honetan goizeko 10:00etatik aurrera Uzturpe ikastolako ikasleez beteko da Belabieta kiroldegia. Klubak eta ikastolak sinatutako konbenioaren baitan, denboraldi honetako Alebin eta Benjamin kategorietarako lehenbiziko teknifikazio jardunaldian hartuko dute parte ikasleek. Bi entitateen arteko elkarlan honek lau denboraldi bete ditu jada, ikastolak bere aldetik kirola sustatzeko duen konpromisoa eta klubak, kirolaren eta bereziki areto futbolaren inguruko baloreetan formatzeko eta garatzeko duen apustua kontsolidatuz.
Cesar Rocak, klubeko beheko kategorien koordinatzaile moduan, aipatu jardunaldia gidatuko du klubeko beste teknikoen laguntzarekin: lehenengo taldeko eta Jubenilen Ohorezko Mailako jokalariak; guztiak, formazio-joko desberdinen bitartez, ikastolako ikasleek jardunaldi dibertigarria pasa dezaten saiatuko dira. Klubeko gaurko irudiak eta historikoak biltzen dituen bideo bat ere ikusiko dute, klubaren hastapenak eta gaurko egoera ezagutu dezaten.
Jardunaldia hamaiketako batekin amaituko da, Olentzero iristerako indarberritzeari begira, haientzako data garrantzitsua zalantzarik gabe.
Datorren astean ere, gazteenekin ibiliko gara (data aurrerago zehaztuko da). Goizean eta sesio bikoitzean infantiletako bi taldeak teknifikazio jardunaldi batean hartuko dute parte, eta aurrekoan bezala, lehenengo taldeko jokalariak egongo dira, kategoria honetan jokatzen duten 25 gazteekin pistan jolasten eta ondo pasatzen. Sesioaren amaieran hauentzako ere egongo da bideoa eta Olentzero xume batek bi egun beranduago ekarritako ezustekoa ere bai.
Urtarrilak 2ko asteartean kadeteei tokatuko zaie; azken saio teknikoa izango da eta klubak kategoria honetan dituen 20 jokalariek hartuko dute parte. Mikel Raposok entrenatzen dituen gazteak jardunaldi desberdina biziko dute, klubeko erreferente direnekin batera, eta sesio amaieran Danon Txokoa tabernan egingo duten mokaduan izango dute beren Olentzero partikularra.
Gabonetan atezainei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ere burutuko dira, infantiletatik jubeniletara, eta emakumezkoen kategorian ere bai. Gure kirol honetan determinantea den postua, teknika aldetik hobetzea bilatuko dute saio hauek, beharrezkoak diren ekarpenak egiten saiatuko garelarik.
Azkenik, abenduaren 30ean klubeko senior eta jubenil talde guztiek Xepla elkartean egingo duten afari batekin agurtuko dute urtea. Ordurako jakingo dugu lehenengo taldeak Gipuzkoako Kopako lehen edizioa irabaztea lortu duen edo ez, egun horretan goizetik hasita, Donostiako Gaska kiroldegian lauen arteko finala jokatuko baitu. Pasa diren denboraldietan ere, aipatu elkartean egin ohi izan ditugu klubeko afariak eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Xeplari, eskainitako borondateagatik.