Lauburuk Pasaiako Afantxo taldea garaitu zuen atzo Gipuzkoako Kopako finalerdian, 4 eta 3-ko markagailuarekin. Partida oso bizia izan zen lehen minutuetatik eta zailtasunez betea egon zen. Izan ere, entrenatzaile ibartarrak topaketaren amaieran azaldu zuen bezala: “aurkariak hasieratik oso motibatuta eta partidari guztiz lotuta egon ziren, haien zaleek indar handiz animatzen zituztelarik”.
Talde moreari dagokionez, oso iritsiera garrantzitsuak egin zituzten partida osoan eta nagusi izan ziren baloi jabetzari dagokionez. Dena den, behin kontrako arean sartuta, baloia ez zen atean sartzen edo Pasaiakoek jaurtiketa eta pase arriskutsuak saihesten zituzten defentsa oso itxi batekin. 
Hala ere, esperotako lehen gola iritsi zen Lauburuko mutilen aldetik. Aitzolek hegaletik egindako pase baten ostean, sare barruan bukatuko zuen jaurtiketa bat egin zuen Danik. Horrela, ia lehen zati osoan zehar markagailua aldaketa handirik gabe mantendu zen arren, azken minutuetan eta Ibarrako taldearen akats puntualak aprobetxatuz, Afantxo bi golekin aurreratu zen.
Markagailuan 1 eta 2-ko emaitza egonda ere, ezer ez zegoen erabakita eta atsedenaldiaren ostean, Alfredo Hualderen mutilek bazekiten garaipena lortzeko aurkaria bezain beste lotu beharko zutela partidara. Hala, bi taldeek iritsiera arriskutsuak egiten jarraitu zuten, eta dena eman zuten markagailura gol gehiago igo ez zitezen. Atezainak ere lan bikaina egiten ari ziren, batez ere, talde moreko Jorge eta Endikak, oso geldialdi garrantzitsuak egin baitzituzten. Egoera horren aurrean, giroan tentsioa nagusitzen hasi zen eta urduritasuna areagotu zuten lehen faltak iritsi ziren.
Bigarren zatiko lehen minutuei dagokienez, Lauburu nagusi izan zen berriro ere. Horri esker, bigarren gola iritsi zen Ibarrakoentzat Aitzolen eskutik. Denbora gutxi behar izan zuen Iñigok beste bat sartu eta zale moreak partidaz topera gozatzen jarraitzeko giroa mantentzeko. 
Aurrerago, Afantxo taldea kontra erasoan atera eta markagailuan 3 eta 3-koa jartzea lortu zuen. Gol horrek ezin izan zituen Lauburuko jokalarien animoak jaitsi, joko azkarra eskaintzen jarraitu baitzuten, markagailuan aurretik jartzea mereziz. Eta, hala, partida erabakita utzi zuen gola iritsi zen. Aitzolek aldaratze bat pista erdian moztu, baloia Oihani pasa eta honek indar handiz sartu zuen baloia kontrako atean.
Horrela, amaiera eman zitzaion Kopako finalerdiari eta, Alfredo Hualderen arabera, bere taldeak, partidaren zenbaketa orokorrean, kanporaketan aurrera jarraitzea merezi izan zuen. Hala ere, aurkariak defentsan egin zuen lan ona azpimarratu behar da; askotan saihestu baitzuen Lauburu bere ate ingurura hurbiltzea. Afantxoko mutilek sailkatuak izateko gogo handia erakutsi zuten eta, Laubururen intentsitatearekin batera, partida emozioz betetako 40 minutuko topaketa batean bihurtu zuten.
Atzoko garaipenarekin, Ibarrakoek gaur jokatuko dute final handia. Zenbait baja dituzten arren, Hualdek hurrengoa adierazi du: “gure mailan egon behar dugu, eta, batez ere, defentsan eta aurkariaren atera egindako iritsieren amaieran hobetu; jakitun izanik Idiazabalek joko zaila jarriko digula”.
Zalantzarik gabe, taldeak bere gogo guztiak jarriko ditu Gipuzkoako Kopa berriro irabazten saiatzeko eta zale moreei poz handia emateko; irabazle gisa aldarrikatzea merezi dutela erakutsiz. Era berean, atzo gure jokalariak babestera hurbildu ziren guztiei eskerrak emateko aprobetxatu nahi dugu. Haientzat ezinbestekoa da beren publikoaren animoak jasotzea, horrek azken txistua entzun arte borrokan jarraitzeko beharrezko indarra ematen baitie.
AUPA LAUBURU!!!!