Talde moreak Gipuzkoako Kopako finala jokatu zuen atzo, ostegunean Pasaiako Afantxo taldea garaitzea lortu ondoren. Oraingoan, Kopako sailkapen osoan zehar bigarren postua merezi izan duen Idiazabalen aurka jokatzea egokitu zitzaion.
Partidari hasiera eman aurretik, Astigarragako harmaila jokalariei indarra helarazi nahi izan zieten zalez beteta zegoen jada. Beraz, ilusioz betetako partida zirraragarria izango zela aurreikusten zen.
Horrela, aurkezpenen ondoren, hasiera eman zitzaion final handiari. Talde morea jakitun zen aurkaria oso zentratuta zegoela bere helburuan, eta, Alfredo Hualderen mutilek baja garrantzitsuak zituztela kontuan hartuta, bazekiten ezingo zutela erritmoa jaitsi partidaren 40 minutuetan.
Hasiera adierazi zuen txistuarekin, jokalari ibartarrak lehen iritsiera arriskutsuen protagonista izan ziren. Segundo gutxi behar izan zituzten hauek Astigarragan markagailua estreinatu ahal izan zuten lehen jaurtiketak egiteko. Dena den, Idiazabalgo atezaina gogo handiz defendatzen ari zen bere atea eta baloiak ez zuen aurkariaren atean sartu nahi izan.
Lehen minutuetan atean asmatu ez bazuten ere, azkenean, Iñigok 0 eta 1-ekoa jarri zuen markagailuan indar handiz egindako jaurtiketa baten ondoren. Horrela, pixkanaka, Lauburu nabarmentzen hasi zen; baloi lapurreta eta aurkariaren area barruan egindako pase arriskutsuekin.
Lauburu nagusi izan arren, Goierrikoek ondo eutsi zioten lehen zatiko hasierako minutuei. Ilusioak eta gogoak aurrera jarraitzeko adina indar izateko balio zieten, eta, hala, partida berdintzeko balio izan zuen beren lehen gola iritsi zen. Gol horren ostean, Jorge geldialdi garrantzitsuak egitera behartu zuten hainbat tiro egin zituzten. Hala ere, ez askoz beranduago, Danik indarrez jaurti zuen atera eta Idiazabalgo atezainak baloia gelditu bazuen ere, Iñigok errematatzeko eta hura sarean sartzeko aprobetxatu zuen.
Aurrerago, atsedenaldira iristeko oso minutu gutxi falta zirenean, Oihanek talde osoak egindako konbinazio joko ona borobildu zuen, 1 eta 3koa jarriz. Eta, segundo batzuk baino geratzen ez zirenean, Aldalurrek laugarren gola igo zuen markagailura, Iñigoren horma bati esker baloia area barruan jaso ondoren.
Atsedenalditik bueltan, ez zen aldaketa askorik sumatu jokoan. Inork amore eman ez bazuen ere, Lauburukoak nagusi izaten jarraitu zuten; Idiazabalgo paseak moztuz eta erasoan behin eta berriro ateraz. Modu horretara, erritmo aldaketa azkar batekin, Juaristik bosgarren gola sartzeaz arduratu zen.
1 eta 5-ekoarekin Idiazabalekoek ez zuten amore ematen eta borrokan jarraitzeko balio zien bigarren gol bat sartzea lortu zuten.
Bestalde, Alfredo Hualderen mutilek arrisku handia sortzen jarraitzen zuten eta ate aurrean hainbat aldiz huts egin zuten arren, apurka-apurka sortutako aukerak gauzatzen joan ziren eta Oihanek eta Juaristik beste bi gol sartu zituzten jarraian, markagailuan aldea handituz eta gure jokalarien maila ona erakutsiz. Handik gutxira, Iñigok eta Saldisek ere beste bi sartzea lortu zuten, Kopako partidari amaiera emanez.
Emaitza alde batera utziz, Idiazabalgo taldea zoriondu behar dugu. Izan ere, defentsan lan ona egiteaz gain, Laubururen mailari eusten jakin izan zuten partidaren une askotan. Aurkari duina izan ziren, zalantzarik gabe.
Azkenik, eskerrak eman, beti bezala, publiko guztiari eta bidean lagundu digun pertsona orori. Ez izan zalantzarik Koparen zati handi bat zuena ere badela!!!! Eskerrik asko!!!!
GOAZEN LAUBURU!!!!