Jubenilen Ohorezko Mailak porrotaren zaporea duen berdinketa bat lortu zuen FS Castro Urdiales liderraren kontra jokatutako partiduan. Moratuek hasieratik bukaeraraino hobeak izan ziren, eta beren jokoa eta aukerak ikusita irabazi egingo zutela zirudien, baina azken metroetan amaitzeko efikazia faltagatik garaipenik gabe geratu ziren Aitor Arevalorenak.
Oso elektriko hasi zen norgehiagoka, bisitariek erditik atera eta ibartarrak aurkariaren jokoa estutzera joan ziren zuzenean. Holaxe joan ziren partiduko lehenengo konpasak, Laburuk baloia oso bizkor mugituz eta bisitaria atzean utzi nahian.
Lehenbiziko ekintza arriskutsuak ibartarrek egin zituzten, abantaila numerikoa izan zuten egoeratan, hau da, lehenengo lerroan ostutako baloiekin, baina ez zuten amaitzea lortzen. Zortzigarren minutuan, bandako sake bateko estrategia ekintza batean, Iker Zubelzuk pibot mugimendu bikain bat egin eta atezainak geratu ostean, Paul Ruedaren instintua agertu zen markagailuan 1-0ekoa egiteko.
Minutuak aurrera zihoazen eta ibarrako taldea, eraso posizionalean, trantsizioetan eta estrategia ekintzetan arrisku handiak sortzen jarraitzen zuen. Moratuen atea babestua ikusten zen, Javi Ayerbek ongi ikusten baitzuen jokoa eta aurkaria iristen zen gutxitan lan bikaina egiten zuen. Aurkariak lantaldean talentu eta gol gehien duen jokalariaren mende jokatzen zuen, Aritz Galende hegal-pibota.
Lauburu Ibarra Mahala Castro baino hobea izan bazen ere, lehenengo denbora 1-0eko emaitzarekin amaitu zen.
Bigarren zatiaren hasieran ez ziren gauzak asko aldatu, ibartarrak tinko agertzen ziren defentsan, pibotaren jokoa eragozteko barruko bideak itxiz eta baloiarekin oso dinamikoak; bizkor triangelukatzen zuten, aurkaria atzean utzi nahian. Okasioak jarraian gertatzen ari ziren, baina moratuak ez zuten errenta handitzea lortzen, zutoinean birritan ere, jo zutelarik.
Azken minutuak gerturatzen eta emaitza estu-estu zegoela, Aritz Galende, talentu berezia duen jokalaria agertu zen momentu batean, eta bere taldearentzat gol bikain bat sartu zuen, Javi Ayerbe aurreratuta ikusi eta 25 metroetatik bere gainetik bota zuen baloi batekin. Lau minutu geratzen ziren amaierako eta kolpe gogorra izan zen, tokikoak ukituta uzteko modukoa. Ibarrako entrenatzaileak bosteko jokoa atera zuen orduan, garaipena lortu nahian, baina lehenengo ekintzan baloia zutoinera, bigarrengo ekintzan atezainaren lan bikaina…, baloiak ez zuen sartu nahi izan eta markagailua azkenenean banako berdinketarekin geratu zen, liderraren aurrean puntu bakarra eta mikatza lortuaz.
Entrenatzaileak puntuaren balorazioan honela zioen: “Oso partidu ona jokatu dugu, baina azken metroetan ez ditugu erabaki egokiak hartu. norgehiagoka nola joan den ikusita, onartzeko gogorra den berdinketa bat izan da, baina aurkaria zoriondu behar da, egoten eta bere momentua aprobetxatzen jakin izan duelako. Guk ez dugu horrela egin eta barkatzea garesti ateratzen da. Jokalariek irabazteko jokatu dute eta atezain jokalariaren apustua egin badugu ere, atearen aurrean eraginkortasun gutxiko denboraldia izaten ari da, eta bien arteko aldea esparru horretan dagoela argi ikusten da. Konpetizioan gol gehien sartzen duen seigarren taldea gara, eta Xotaren aurkako ligako lehenbiziko partiduan izan ezik, jokatutako partidu guztietan aurkariek baino gehiagotan bota dugu baloia atera; datu deigarria da zalantzarik gabe, hobetu behar dugun gabezia erakusten baitu”.
Jardunaldia bestela, ezin hobea izan da klubeko beste talde guztientzat, berdinketa hau izan ezik, beste guztiak garaipena lortu baitute, lehenengo taldeak larunbat arratsaldean Pinsequeri sartutako gol kopurua kontatuta.