Lauburu Mahala Ibarra gorakako bolada mantentzen du eta larunbatean Kantabriako Mar Rock taldea garaitu zuen 7-3ko emaitzarekin. Jokatutako azken 12 norgehiagoketan pilatutako 10 puntuak gehituz gero, Aitor Arevaloren mutilak joko eta sentsazio onarekin itxiko dute urtea.
Moratuek baloia pistaren ¾ etan estutuz hasi zuten norgehiagoka, aurreko lerroetan baloia berreskuratu eta aurkariaren atean amaitzeko ahaleginetan. Aurkariak pista erdian itxaron zien moratuei, hauek akats bat eginez gero, kontra batean ateratzeko aukeraren baten zain. Partiduaren hirugarren minutuan tokikoak aurreratu ziren, taldeko triangulazio on baten ostean Aitor Sanchezek, Gurruk egindako zerbitzu on bat takoiarekin maisutasunez amaitu zuenean.
Ibartarrek ekintza bikainak josten zituzten lauko jokoarekin, baina Kantabriako taldearen atezainak edota amaiera okerrak emaitza 1-0ekoan mantendu zuten lehenengo zatia amaitzeko 10 minutu falta ziren arte.
2-0ekoa Gurruk egin zuen, partiduaren 12. minutuan, Alex Firisec-ek egindako asistentzia baten ostean. Norgehiagoka bideratua zegoela ematen zuen, baina lehenbiziko zatia amaitzeko 7 minutu falta zirela, aurkariaren bigarren iritsieran eta defentsako akats bat medio, bisitariek 2-1ekoa egin zuten. Minutu eta erdi beranduago, Eñaut Zumeta atezainak baloia kontrolatzeko ahaleginetan egindako akats baten ondorioz, bisitariek berdinketa ezarri zuten markagailuan.
Hiru minutu faltan eta bandako sakeko estrategia batean, Alvaro Alonsok 3-2koa markatu zuen. 30 segundo beranduago, taldeko trantsizio bikain baten ostean Liherrek 4-2koa egin zuen. Lehenengo denbora emaitza horrekin amaituko zela zirudien, baina segundo bakarra falta zela, aurkariak 4-3koa markatu zuten, markagailuan tartea gutxituz bigarren zati osoa jokatzeko geratzen zenean.
Ibartarrak, norgehiagokaren garrantziaz jakitun, bigarren zatian aurkaria lotzera atera ziren. Defentsan intentsitate gorena jarri zuten, baloiaren zirkulazio arinak, eta estrategian amaiera ekintza garbiak egin zituzten.
Partiduko bosgarren minutuan, Ion Ander Cuadradok 5-3koa ezarri zuen markagailuan, Asier Colasi egindako penalti bat jaurtitzean. Moratuek partidaren jabe ziren eta baloia aurkariaren pistan zebilen erabat. 10. minutuan, Aitor Sanchezek bigarren zutoinean amaitu zuen Aitor Gurrutxaga, “Gurru”k egindako asistentzia bikain bat.
Sei minutu faltan, Asier Aierbek 7-3koa egin zuen, kontra erasoko ekintza bat amaituz. Emaitza honekin amaitu zen norgehiagoka; tokiko taldeak erasoaren esparruan lan bikaina egin zuen.
Norgehiagokaren ondoren, Aitor Arevalo entrenatzaileak honela zioen: “Garaipenagatik zoriondu nahi ditut jokalariak, partidu bikaina egin dugu eta oso pozik gaude. Lan-aste oso ona izan dugu, eta jaso ditugun hiru gol hauek kontatu gabe, izan diren moduagatik mingarriak izan direlako, erasoan kontzeptu askoko areto futbola jolastu dugula uste dut, eta hori lantzen diren gauzak ateratzen diren seinale da. Pena da egutegia orain geratu behar izatea, ligako edozein talde garaitzeko momentuan gaudela uste baitut. Liga hasiera ez zen guk espero genuen bezalakoa izan, baina jardunaldiz jardunaldi hobetzen joan gara eta orain maila hau igotzen jarraitzea tokatzen da, talde moduan nahiz banaka, hazten jarraitzeko”.