Lauburu Ibarra Mahalak bigarren itzuliko lehenbiziko norgehiagokari egin beharko dio aurre larunbatean, 18:30ean. Pasa den asteburuan liderraren aurrean galdu ostean, Xota moduan ezagutzen den Osasuna Magna talde nafarraren kontra jokatuko dute.
Irurtzungo talde hau bigarren postuan kokatua dago ligako sailkapenean, AD San Juan talde liderrak dituen puntu kopuru berarekin. Joaneko norgehiagoka oso paretsu joan zen eta Aitor Arevaloren taldea garaipena eskuratzeko zorian egon zen, baina azken uneetan lortutako 3-4eko emaitzarekin amaitu zen. Nafarrek lehenengo itzulian egindako ibilbidea bikaina izan da; 12 garaipen eta berdinketa bakarra egin dute, azken hau San Juanen kontra. Landutako taldea da Xota, urtez urte belaunaldi lehiakorrak eta trebeak aurkezten dituena. Ondorioz, jubenilak diren jokalariak lehenengo taldearen entrenamendu dinamikan sartzen ohituak daude, egunez egun beren kirol baliabideak hobetuz.
Talde morea denboraldiko bere momenturik onenean dago, eta azken asteetan eraman duen eboluzioa erakutsi nahiko du. Hiru puntuak etxera ekartzeko ilusioarekin joango da Irurtzunera eta kategoriako aurkari guztiekin aurrez aurre lehiatzeko moduan dagoela erakustera, azken asteetan erakutsi duen moduan.  
Aitor Arevalo entrenatzaileak honela zioen: “Xota oso ondo ezagutzen dugu, jokoan gure antzeko gauzak dituen taldea da, norgehiagoka estua izango da beraz. Iaz 7-0 galdu genuen pista hartan eta data hartatik geratzen diren jokalari gutxi horiek norgehiagoka hartaz gogoratuko direla ziur naiz. Horregatik, Estatu mailan erreferentzia handiena duen klub baten aurrean garaipena lortu nahiko dute. Ea partida bikaina ateratzen zaigun eta hiru puntuak eskuratzen ditugun; mutil hauen lana ona dela eta aurrera doala esan nahiko baitu”.
#aukeratuMOREeginLAUBURU #GoazenLauburuKEIbarra