Lauburu Mahalak Eskoriatzan binako berdinketa eginaz puntuak pilatzen jarraitzen du bosgarren astez jarraian. Ikuskizun polita ikusi zen larunbatean Manuel Muñoz kiroldegian, harmailak lepo eta tentsio eta emozio handiko partida izan zen. Moratuek lehenbiziko zati bikaina jolastu zuten, lehenengo denboran aukera asko sortuta eta jokorako gutxieneko errentarekin amaitu zutelarik.
Ibarrak pistaren hiru laurdenetan jarri zuen defentsa partidua hasieran, barruko lerroak itxiz, honela baloia azkar berreskuratu eta kontra batean ateratzeko. Erasoan berriz, azken jardunaldietan ohikoa duten moduan, lehenengo lerroan baloia abiadura handian mogitzen zuten, aurkaria atzean uzteko asmoz.
Lehenbiziko minutuetan Ibarraren nagusitasuna garbia izan zen, eta egoki lotutako bi ekintzen ondorioz aurretik jartzea lortu zuen. Zazpigarren minutuan Aitor Sanchezek estrategia gol bikain bat sartu zuen, moratuen taldea markagailuan aurretik jarriz. Minutu bat beranduago, Asier Aierbek lehenengo lerroan ostutako baloiarekin aurkariaren atezaina gurutzatu eta ezkerrarekin maisutasun handiz sartu zuen ibartarrentzat bigarrena izango zen gola.
Norgehiagoka aldeko jarri zitzaien moratuei eta bi minutu beranduago, Aitor Sanchez eta Paul Ruedak 0-3 edo 0-4 egiteko zorian egon ziren bi ekintza garbien bidez. Tokiko taldea jokoz kanpo zegoen, baina kirol honetan kolpe psikologikoen alternantziak euforiatik sufrimendura une batetik bestera pasarazten zaitu.
Atsedenaldirako 3 minutu falta zirela, posizio-jokoan bisitarien galtze batean Eskoriatzak 1-2koa egin zuen eta honela amaitu zen lehenengo zatia. Bigarren zati osoa jokatzeko eta errenta txikiegia ibartarrentzat.
Bigarren zatian gidoiaz aldatu zuen partiduak. Eskoriatzako taldea bertikalagoa izaten hasi zen eta 1x1eko ekintzekin erasotzen hasi zen, pibota aurkariaren hegalean kokatuz, abilezia handieneko jokalariak aurrea egiteko aukera izan zitzaten. Bisitariek berriz, defentsa sendoa erakusten zuten; erasoan ordea, nekea edota tokiko taldearen jokoaren ondorioz, ezin asmatuz ibili ziren.
Minutuak aurrera zihoazen eta bi taldeak arrisku egoerak sortzen ari ziren, baina bietako inork ez zuen gauzatzea lortzen. Norgehiagoka berotzen joan zen pixkanaka, eta markagailuan eta harmailetan zegoen tentsioa medio, moratuen mahaiko delegatua, Kiko Alonso kanporatua izan zen. Zigor gogorregia izan zelakoan gaude, izan ere, giro aldetik partidua kontrolatzea zaila bazen ere, joko aldetik oso garbia izan zen, eta maila honetako norgehiagoka askotan gertatzen den moduan, arazoa, bost falta pilatuta dituen taldeari seigarrena adierazi behar denean egoten da.
Amaitzeko lau minutu faltan, area hertzeko falta batean tokiko taldeak berdinketa lortu zuen, eta norgehiagokaren giroa erabat berotu zen. Azken lau minutuak ziren eta bi taldeak buru-belarri saiatu ziren. Aurkariak zutoinera bota zuen tiro bat eta bisitariak, partidua amaitzeko minutu eta erdi falta zela, penalti bikoitz batean atezainak tiroa geratu eta huts egin zuen. Bi taldeak ikuskizun bikaina eskaini zuten, bietako edozeinek irabaz zezakeen azken minutu hauetan, baina azkenean binako berdinketarekin amaitu zen.