Eta nola eman gainera…, norgehiagoka bikaina jokatu gabe eta beren jokorik onena garatu gabe, Alfredo Hualderen mutilak, edozein etsiaraziko zuen hainbat faktoreri aurre egiten jakin izan zuten. Hein handi batean Bizkaiko pistaren egoera txarrak eraginda, lehenengo zatiko joko falta gainditzen asmatu zuten moratuek. Zoritxarreko unea, norberak bere ondorioak atera ditzakeen jokaldi batean, Beñat Aldalurrek jasan behar izan zuen kolpe latza izan zen. Ezbairik ez duena, zera da, Beñat, tokiko jokalari batek sudurrean emandako kolpe horren ondorioz erretiratu egin behar izan zuela.
Esan dugun moduan, lehenbiziko zatian bi taldeek ez zuten beren bertsiorik onena erakutsi. Baloiaren abiadura azkartzea eragozten zuen pistak baldintzatuta, jokoa gehiegi mantsotu zen, jokalarien artean talka sortzea eragiteraino. Aldarte honen aurrean, aurkaria biziago sartu zen partiduan eta lehenengo aukerak berak sortu zituen. Arrisku egoera hauek, gehienbat, estrategia ekintzetan sortzen zituzten bizkaitarrak; Zuhaitzen lana izugarria izan zen hauetako batzuetan.
Laubururi jokoa sortzea kosta egiten zitzaion. Lehenengo 20 minutu hauek eman zuten irakurketarik onena, ibartarrak sufritzen eta partiduari eusten jakin izan zutela da, trantze bakoitzean lehiatu zutelarik. Jokoa dezente gehiago zaildu zen norgehiagokaren 12. minutuan, orduan gertatu baitzen, moratuek nagusitasuna izan zuten kontra batean, jokalari batek eskuarekin emanda, Beñat Aldalurrek sudurrean jaso zuen kolpea. Epaileek txartel horia atera zioten. Irudiek islatzen dutena eta jokalari berak jokaldiaren ostean bere ekintza nola zuritzen zuen ikusita, onena, aukera duen guztiak errepikatutako jokaldia ikustea izango da, norberak bere ondorioak atera ditzan. Beste irakurketarik onartzen ez duena zera da, Beñatek ezin izan zuela norgehiagokan jokatzen jarraitu.
Lehenengo zatia hutsean amaituko zela zirudien, baina Zierbenak tantoa egin zuen 19. minutua joa zegoela. Garmen eta Zuhaitzen arteko ulermen falta baten ondorioz, Efrenen oinetara iritsi zen baloia eta ia-ia ate hutsera boteaz, abantaila lortu zuen talde bizkaitarrarentzat.
Atsedenaldian lasaitzea tokatzen zen eta egoera iraultzeko plan bat marraztea. Beste behin, lantaldeak zein teknikoek analisian asmatu eta eskenatokian funtsezko aldaketa eragin zuten. Bigarren zatia susto handi batekin hasi bazen ere (Zuhaitzen areatik gertu, Efrenen zeharkako libre batek zutoinean jo zuen), moratuek jokoaren jabe egiten joan ziren pixkanaka. Honela iritsi ziren arriskuzko lehenbiziko hurbilketak, eta argi utzi zuten emaitzari buelta emateko gai zirela. Erasoan Oihanek izan zuen ekarpena azpimarratu nahi dugu, tokiko defentsarako buruhauste handi bat izan baitzen bigarren zati guztian zehar.
Zierbenak lerroak atzeratzea erabaki zuen, kontretan arriskua sortzen saiatzeko. Bizkaitarrak eraso-erregistro guztiak menperatzen dituztela erakutsi zuten berriro. Arrisku handiko egoerak sortuz hainbat trantsizio egin zituzten, baina Zuhaitzek bikain babestu zuen ibartarren atea.
Berdinketa markagailura igotzeko zorian egon zen hainbat hurbilketaren ondoren, golean amaitzeko aukera gutxiena zuela ematen zuen jokaldi batean gertatu zen. Zuhaitzek hankarekin jokoan jarri zuen baloi luze bat aurkarien atezainak hartu zuen, baina alde egin zion eta Javi Saldisek aprobetxatu zuen gola sartzeko.
Berdinketaren gola garaipenaren bila joateko akuilua izan zen, moratuen minuturik onenak izan zirelarik. Norgehiagokaren garrantziaz jabe izanda, baina ekinean lasai, Alfredorenak partiduaren bila joan ziren. Hainbat aukera izan zituzten orduan, eta bisitarien tantoa hurbil zegoela zirudien, baina ez zen iritsi eta azken minutuetan erabaki behar zen guztia.
Zierbenak aurrera pauso bat eman nahi izan zuen. Berdinketa beraientzat emaitza okerragoa zela jakitun, hiru minutu faltan arrisku handiak hartu zituzten. Moratuen defentsa indargabetzea lortu zuten hainbat ekintzetan, baina amaieran beti Zuhaitzekin topatzen ziren.
Alfredok, berdinketa onartzetik urrun, bosteko jokoa ateratzea erabaki zuen. Egoerak bultzatuta, hala ere, amaierarako 23 segundo besterik falta ez zirela egin ahal izan zuen aldaketa, baina nahikoak izan ziren Laubururen anbizioa berriro agerian uzteko. Zirkulazio bikain batean, baloia Zumetaren oinetara iritsi eta honek, zoritxarrez langa jo zuen erremate bikain bat egin zuen. Amaiera gazi-gozoa, agian gazia baino gozoagoa oraingoan.
Berdinketak bost puntuko aldearekin utzi ditu bi taldeak, eta jardunaldi guztiko emaitzak kontuan hartuta, Lauburu hirugarren postuan kokatu da. Datorren astean BigMat Fontecha Juventud, Burgosko taldeak jarriko du ezbaian postu hau. Asteko entrenamenduak inauterien ondorioz aztoratuko dira, asteartea, asteazkena eta ostiralean burutuko direlarik. Pribilegio postu hauetan jarraitzeak ibartarren ontzia une batez ere, alde batera ez uzteko nahikoa arrazoi izango dela ziur gaude. GOAZEN LAUBURU!!!
PARTIDUAREN XEHETASUNAK
C.D.F. ZIERBENA F.S.: Falagan, Abel, Efren (1), Christian M. eta Iker. José, Jorge, Iñigo Valencia, Christian I. eta Davidek ere, jokatu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Dani, Andoni Agirrezabala, Igor Echarri eta Ohian. Javi Saldise (1), Aitzol, Andoni Zumeta, Andoni Carlosena, Garmen eta Beñatek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Abel, Efren, Jorge eta Christian (C.D.F. ZIERBENA F.S.) / Aitzol, Oihan eta Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK
1-0 MIN 19 Efren
1-1 MIN 29 Javi Saldise
EPAILEAK
Alberto, Grande Ferreño (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
Eder, Gómez de Salazar (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
KRONOMETRATZAILEA
Aitor, Ruiz Garatea (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)