Pasa den larunbatean Donostia hiriko Lau-angeluko Torneoa jokatu zuen Lauburuk, Antiguokok antolatuta, eta Laubururekin batera, Bigarren B-ko bigarren multzoko Otxartabek, Tafatransek eta anfitrioiak berak ere, hartu zuten parte bertan.
Torneoko emaitzak hauexek izan ziren: Antiguoko 0 – 1 Lauburu KE; Otxartabe 4 – 0 Tafatrans; Otxartabe 2 – 0 Lauburu KE; Tafatrans 3 – 2 Antiguoko; Tafatrans 2 – 0 Lauburu KE; eta Antiguoko 1 – 1 Otxartabe. Emaitza hauen ondorioz, Otxartabe bizkaitarrak bilakatu ziren txapeldun.
Lehenbiziko norgehiagokan Antiguokoren kontra 1-0 irabazi ostean, talde morearen parte-hartzea okerrera joan zen eta bi porrot gogor jasan behar izan zituen ondoren, Ligako 2. eta 3. jardunaldietan bere kontra jokatu beharko duten bi talderen aurrean.
Entrenatzaileak planteamendu berdin-berdina egin zuen hiru norgehiagoketan, altura erdiko defentsa batekin bizkarretik zuloak bilatu eta kontra azkarrekin aurkaria estutzea helburu. Erasoan ere, determinazio handiarekin bilatzen zuten aurkariaren atea, baina orokorrean ez zuten abilezia handirik erakutsi.
Gauzak honela, Antiguokoren kontrako lehenbiziko norgehiagokan, defentsa on baten bidez bere kontrako golik gabe eusteko gai izan ziren eta partida aurrera atera zuten Aitzolek alderatze bat jaso eta atezain donostiarra azpitik menderatu zuenean egindako tantoarekin. Bigarren neurketan, markagailua irekitzeko hainbat aukera izan bazituzten ere, ezin izan zituzten gauzatu. Bizkaitarrek berriz, 1-0ekoa egin zuten amaitzeko gutxi falta zela, Yeraik atezain morea driblatu eta sareetara bota zuenean. Honek, bosteko jokoaren aldeko apustua egitea behartu zuen Alfredoren taldea, baina oraingoan emaitzarik jaso gabe geratu behar izan zuten, eta Otxartabe izan zen bere areatik bigarren gola sartu eta garaipena lortuz partidua itxi zuena. Hirugarren norgehiagoka oso antzekoa izan zen. Asmatzeko zailtasunak kondenatuta utzi zituen Alfredo Hualderen mutilak, eta tantoa gauzatzeko momentuan egindako akats batzuen ostean, Tafatransek lortu zuen 1-0ekoa egitea, Pablok egindako urruneko tiro baten bidez. Eta azken minutuetan 2-0ekoa jasan behar izan zuten, bosteko jokoarekin berdinketa baten bila zebiltzanean.
Honekin aurre-denboraldiari amaiera eman zaio eta datorren larunbatean 2018-2019ko Ligako lehenbiziko puntuak jokatuko dira Belabietan. Juventud del Círculo taldea izango da bisitaria. Aste osoa dago entrenatzeko eta taldea fintzeko, hitzordu honetara berme guztiekin iritsi eta lehenengo garaipena etxean geratzeko.