C.D. CIUDAD GUADALAJARA F.S.  — LAUBURU KE IBARRA
Berebiziko norgehiagoka jokatuko dute igandean Alfredo Hualderen mutilak. Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean, Tafatrans taldearekin hirugarren postuan berdinduta eta bigarren sailkatuarekin bi puntura daudela, kanpoan lortutako garaipen batek txapelketaren azken atalean lehiatzeko aukeretara bultzako lituzke moreak.
Orain bi aste Tolosaldeko derbia irabazita, ibartarrak igande goizean abiatuko dira kategorian talentu handiena duen taldearen kontra jokatu eta irabazteko asmoarekin. Javier Ucedaren taldeak, Alzira edo San Juan bezalako aurkarien kontra irabaziz, bikain hasi zuen txapelketa, ondorioz sailkapeneko lehenengo postuan egoteko aukera izan zutelarik jardunaldi batzuetan. Erregulartasun faltagatik bakarrik ez dute kota altuagorik lortzerik izan liga honetan, eta egun, Guadalajara zortzigarren postuan dago 35 punturekin; beraz, igandeko hitzordua goiko postuetara hurbiltzeko azken aukera moduan ikusiko du taldeak.
Ibarrak berriz, pasa den asteko geldialdia aprobetxatu du minez jarraitzen zuten jokalari batzuk osatzen saiatzeko. Zuhaitz ez da sendatuko ziurrenik denboraldia amaitzerako, baina Andoni Agirrezabala, Aitzol eta Javi Saldise ondo ari dira osatzen, nahiz eta oraindik hiruretako inor ez dagoen %100. Igandeko norgehiagokan egoten saiatuko dira hala ere, hirurak. Bestela, jardunaldia igandean jokatuko denez, asteko plangintza egoera horri begira antolatu behar izan da.
Alfredo Hualde entrenatzaileak hitz hauek esan zizkigun igandekoaz: “Oso norgehiagoka garrantzitsua da. Liga bukaerako atal honetan guztia lortzeko lehiatu behar dugula konbentzituko gaituen berebiziko jardunaldia, hain zuzen. Zazpi partida geratzen dira eta bakoitza final bat izango da multzoko 16 taldeentzat, guztiok jokatzen dugu-eta, zerbait. Igande honetan hasiko da final horietako bat, eta Guadalajara oso talde ona da, liga honetako onenen mailako banakotasun eta gaitasun tekniko handia duena. Defentsan gure bertsiorik onena eskaini beharko dugu hiru puntuak etxera ekartzeko. Gure gaitasunean fede handia dugunez baikor gaude eta irteera zail honi merezitako tokian gaudela garbi uzteko helburuarekin egingo diogu aurre. Bloke honen onena ikusteke dago oraindik”.
Norgehiagoka 12:30ean izango da, Guadalajarako David Santamaria eraikinean. Ibarrako espedizioa goizeko 5:00etan aterako da Belabietatik. Betiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitter bidez jarraitzeko aukera izango da.
Ez ahaztu: IGANDEA, APIRILAREN 7an, 12:30ean
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra