Ostiral honetan, Lauburu K.E Ibarrak Guadalajarara bidaiatuko du Ligako hamahirugarren jardunaldiko partida jokatzeko, arratsaldeko 17:00etan. Guadalajarako taldea sailkapeneko azken postuan kokatzen den arren, garaipena oso garrantzitsua da beraientzat eta gogor eutsiko diote helburu horri.  
Gaztela-Mantxakoek partida bakarra irabazi dute eta 18 puntuk desberdintzen dituzte ibartarrengandik. Hala ere, gabonen aurretik geratzen diren partidak eurentzat giltzarriak direla jakinarazi dute eta, beraz, ziur daude horiek aurrera ateratzeko gai izango direla. Gainera, pisu handia eman dioten bi kide berri gehitu dituzte taldera, Álex eta Diego.  
Alfredo Hualderen mutilei dagokienez, Javi Saldise eta Juaristiren bajez gain, Andoni eta Zumeta zalantza izango dira azken momentura arte. Dena den, taldea oso ondo prestatuta dago. Izan ere, hiru entrenamendu saio egin ditu aste honetan, modu horretara, ostiralean, bere potentzial guztia atera ahal izateko.
Hiru jardunaldi daramatzate garaipena lortu ezinik. Baina, oraingo honetan, talde moreak bere arma guztiak atera eta azken momentura arte borrokatzeko asmoa du hiru puntuak etxera etor daitezen. Azken partidetan Belabietatik kanpo jokatzeak zorte txarra eman badio ere, Lauburuk ez du zalantzarik ostiralekoak bolada txar horri aurre egiteko balio izango duela. 
Era berean, kontuan hartu beharra dago oso gutxi direla Alfredo Hualderen taldea sailkapeneko lehen postuetan dauden gainerako taldeetatik bereizten dituen puntuak. Horregatik, Guadalajara garaitzea oso garrantzitsua da. Izan ere, garaipen horren bidez, sailkapeneko lehen postuetan kokatuko ziren Ibarrako jokalariak. 
Ostiraleko partidarekin lotuta, hurrengoak dira entrenatzaile ibartarraren adierazpenak: “Aurkari oso arriskutsu bati egin behar diogu aurre: alde batetik, sailkapenari dagokionez dituzten beharrengatik eta, bestetik, asko hobetu dutelako. Beraz, laster hasiko dira partidak irabazten. Gu ere ez gaude gure unerik onenean, eta garaipen baten behar handia daukagu…”.
Bestalde, Ohorezko Jubenil Mailari dagokionez, atsedena izango dute aste honetan. Aitor Arevaloren mutilek, joan den astean Gijonen irabazi ondoren (3-8), sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira. Gainera, bigarren postuan dagoen taldearen puntu kopuru bera dute eta lehenengo postuan dagoen taldetik, aldiz, 3 puntuk bakarrik desberdintzen dituzte. Talde Jubenilak jokatu dituen 9 jardunaldietan, 8 garaipen eta porrot bakarra izan ditu. Beraz, azpimarratzekoa da egiten ari diren lan bikaina eta partidaz partida Ligari jartzen dioten dedikazioa.
Eta, azkenik, zorte handia opa diogu Gipuzkoako Kopa jokatzeko larunbat honetan Arrasatera bidaiatuko duen senior taldeari. Txubelek entrenatutako mutilak oso motibatuta daude, eta, entrenatzailearen hitzetan: “Taldearen dinamika oso ona da. Etxetik kanpo jokatzea zaila bada ere, aurrera aterako dugu partida. Gainera, taldea gogo handiarekin ikusten dut”. 
AUPA LAUBURU K.E IBARRA!