Lauburu Mahala Ibarrak 3-0 irabazi zion Valle del Ebro errioxar taldeari eta puntuak gehitzen jarraitzen du hamaikagarren jardunaldiz jarraian. Norgehiagoka zail bati egin behar izan zioten aurre ibartar gazteak, bisitariak defentsa zortzi metrora jarri baitzuen, espazioetan indartu eta kontraerasoak lantzeko xedearekin.
Ibarrak aurkariaren atea jarraian erasotzen zuela hasi zen partida, baina arriskurik gabe. Aitor Arevaloren jokalariak bisitariak ezarritako defentsa baxua irakurtzeko gai ez ziren eta ondorioz, entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen partida hasi eta zazpi minutura, partiduan sartzea kostatzen ari zitzaion talde bat ordenatu nahian. Bisitariak errotazio murriztuarekin, tokikoek baloiaren zirkulazioan egingo zuten akatsaren esperoan ikusten ziren, kontra batean mintzeko asmoz. Hamargarren minutuaz geroztik hasi ziren iristen ibartarrentzat lehenbiziko aukerak , gehienak estrategia ekintzetan. Partidua oso geldo zihoan eta moratuek baloia oso mantso mugitzen zuten, aurkariari gutxi sufriaraziz. Lehenbiziko denbora hutseko berdinketan amaituko zuela ematen bazuen ere, taldeko baloiaren zirkulazio bikain batean eta 30 segundo falta zirela, Paul Ruedaren pase batekin, Gurruk 1-0ekoa sartu zuen.
Aldageletatik bueltan hainbat gauza zuzendu ostean, moratuen taldea zirkulazio bizkorrago batekin atera zen, defentsan markak egitea kostatzen ari zitzaien bisitariek sufriaraziz. Bigarren denboraren bosgarren minutuan Iker Zubelzuk 2-0ekoa egin zuen kornerreko estrategia ekintza on batean eta Paul Ruedaren asistentzia bikain baten ostean. Gol honek konfiantza eman zion taldeari eta tarte honetan, errenta handitzeko aukera on batzuk sortu ziren, baina aurkariaren atezainaren lan onak uxatu zituen.
Partiduaren azken 10 minutuetara iristen ari ziren eta 2-0 jarraitzen zuten. Bisitaria lerroak igotzen hasi zen pixkanaka, bere defentsan espazio hutsak utziz. Tokiko taldea bisitarien defentsan min egiten hasi behar zuela ematen zuenean, partidua kontraerasoen trukaketa dinamika batean sartu zen, non Ibarrak arrisku egoera batzuk jasan behar izan zituen, zutoinean jo zuen baloi batekin edota ate hutsera botata sartu gabe geratu ziren bi tiroekin, hain zuzen. Ibartarrak kontrolatu ez zuteneko eta emaitza iraultzeko zorian egon ziren hiru minutu izan ziren. Amaitzeko hiru minutu falta zirela, Paul Ruedak 3-0ekoa egin zuen eta honela amaitu zen norgehiagoka.
Iraitz jokalari kadetearen debuta aipatu nahi dugu. Partiduan partehartze garrantzitsua izan zuen, azken metroetan izaera eta bertikaltasuna erakutsiz.
Partidaren amaieran entrenatzaileak balorazio hauxe egin zuen: “Oso partida zaila izan da, aurkariak zortzi metroetan kokatutako defentsa itxi bat aurkeztu du eta lehenbiziko denboran baloiaren zirkulazioa oso mantsoa izan da. Atsedenaldiaren ostean hobeak izan gara eta hainbat aukera ere izan dugu, baina bisitarien atezainak lan bikaina egin du. Bigarren zatian lau minutu txarrak izan ditugu eta partidua galtzeko zorian egon gara; zorionez ez dute asmatu eta jarraian 3-0ekoa egin dugu. Ez gaude mota honetako partiduak jokatzen ohituta eta lehenbiziko zatian zentzu handirik gabe mugitu gara, momentu askotan, defentsari lana erraztuz”.