Aurkariaren sareetan erortzen gara maiz, bere jokoan. Baina ari gara, puntadaz puntada, gure joko propioa josiz. Gero eta gehiago ezagutzen dugu elkar, eta hori lagungarria zaigu elkarren arteko sarea gero eta tenkatuago, eta, era berean, gero eta malguagoa izateko. Nabari da hori partidetan.
Bizkortasuna ematen diguten jokalariak ere iritsi ziren taldera, eta hori ere islatzen da jokoan. Besteen sarera baloiak sartzen laguntzen digu bizitasun horrek. Harilkatuta daude bi ezaugarri horiek. Eta zorionez, sarritan, markagailuan oihartzuna dute, larunbatean esaterako.
Izan ere, otsailaren 4ko asteburuan jokatu behar genuen partida aurreratu eta larunbatean jokatu genuen, Idiazabalen, eguerdiko 13:15ean. 12. jardunaldiko partida jokatu genuen, beraz, atsedena egokitzen zitzaigun 10. Jardunaldian.
Eta, lehen hitzetan aipatu bezala, gure jokoa egitea lortu genuen, presiopean jokatu arren baloia bizkor mugitzea eta besteen atera dezentetan ailegatzea. Baloi ugari bota genituen Idiazabalkoen atera eta jaurtiketa horietako batean heldu zen lehen gola, 0-1ekoa. Laster berdindu zuten emaitza, gure atean sartutako gol batekin eta banako berdinketa ezarriz markagailuan. Berriz ere aurrea hartu genuen orduan, 1-2koa sartuta. Baina, berriro gure atean sartutako gol baten ondorioz berdinketa lortu zuten etxekoek, 2na. Emaitza horrekin heldu ginen atsedenaldira. Bigarren zatian irmo eutsi genion gure jokoari eta markagailuan alde nabaria lortu genuen. Hiru gol gehiago sartu eta partida 2-5 emaitzarekin bukatu zen.