Tafatrans Vulcanizados Ruiz FS taldearen aurka galdu ondoren, Lauburuk lanean jarraitzen du sailkapeneko lehen postuetan mantentzeko balioko dizkion hiru puntuak lortzeko.
Modu horretara, Alfredo Hualderen mutilek larunbatean, Zaragozan eta arratsaldeko 18:00etan, Ligako hamaikagarren jardunaldia jokatuko dute. Bertan, azken entrenamenduetan egindako esfortzua erakutsi beharko dute Pinseque A.D taldeari irabazi ahal izateko. Haien sailkapenari dagokionez, Zaragozakoak 15.postuan kokatzen dira, Lauburutik 16 puntura.
Pinseque betidanik lehen postuetan egon den arren, azken urteetan, lortutako emaitzengatik sufritzen ari den talde bat da. Plantilla aldaketaz gain, entrenatzaile aldaketarekin hasi zuten denboraldia. Dena den, udaran zehar, indartu egin dira Calatayud taldeko jokalariekin. Horrez gain, emaitza oso onak lortzen lagundu dien Dani Salanueva da berriro ere euren entrenatzaile. Jokoari dagokionean, ez da lan erraza izango talde morearentzat; Zaragozakoek joko azkarra, jokalari erasotzaileak eta gainditzeko zaila den zonako defentsa erabiltzen baitituzte.
Ibartarrei dagokienez, Javi Saldiseren baja segurua izango dute. Juaristi eta Zumeta, berriz, zalantza izango dira azken momentura arte eta Endikak ezin izango du Zaragozara bidaiatu lan kontuak direla eta. Gainontzeko jokalariak dena emateko prest egongo dira euren indar guztiak atera, topera borrokatu eta 3 puntuak etxera ekartzeko.
Taldeak bi partida jokatu ditu jarraian etxetik kanpo Errege Koparen ondoren. Azken honek, gauza oso positiboak uzten baditu ere, gainkarga fisikoaz eta kolpe ezberdinengatik gertatutako baja guztiez gain, desgaste garrantzitsu bat ere suposatzen du. Horregatik, ezinbestekoa da lehenbailehen nor bere buruaz jabetzea eta liga erregularrak zekarren bide ona berreskuratzea. Egutegiak hurrengo bi partidak Belabietatik kanpo jokatzea nahi izan du eta beharrezkoa da zailtasun gehigarri horri aurre egiten jakitea.
Hauek dira Alfredo Hualdek partidaren inguruan egindako adierazpenak: “Pinsequeren aurkako partida, partida tranpa bat da. Sailkapena begiratu eta 4 puntu ikusten badituzu, erraza izango dela uste duzu, baina guztiz kontrakoa izango da. Bere herrian jokatzeaz gain, orduan sailkapenaren buru zen Guardo taldea arritu zuen talde bat da. Aulkian Daniren gehitzea kontuan hartuz, lehiakortasunean irabaziko dute eta, puntuatu nahi badugu, gauzak ondo egin beharko ditugu”.
AUPA LAUBURU!
#goazenmorez
#zurekingehiagogara
#aukeratumoreeginlauburu