FEEF-k multzoen izendapena atera du jada, eta honekin batera, gure lehenengo taldeak jokatzen duen Bigarren B Mailaren bigarren multzoko ligako egutegia ere bai. Azkenean 16 izango dira multzo honetan parte hartuko duten taldeak, Aragoi, Nafarroa, Gaztela Leon, Gaztela Mantxa, Valentzia eta Euskadiko Erkidegoak ordezkatuz. Aurpegi berri asko aurkitu ditugu multzo berri honetan. Pasa den denboraldian Las Fuentes, Elorrioko eta Nalda taldeen jaitsieraren ostean, Colo Colo taldearen bigarren mailarako igoera eta Construcciones Cobo taldearen uko egiteak zein Segorberen multzo aldaketaren ondoren, Valentziako Ibi eta Alzira taldeak, Aragoiko AD Sala 2012, Gaztela Leongo Cuéllar eta Euskadiko Otxartabe eta Laskorain taldeak estreinatuko dute 2018-2019ko kanpaina berri honetako bigarren multzoa.  
Lehenengo jardunaldia irailaren 15ean izango da, eta Laubururi Burgosko Juventud del Circulo taldearen kontra jokatzea egokitu zaio, Belabietan bertan. Bigarren jardunaldian egingo duten beren lehenengo bidaia, denboraldiko lehenbiziko derbia izango da eta moratuek Otxartabe berritu eta arriskutsu baten kontra jokatu beharko dute. Denboraldi amaiera ere interesgarria izango da, Lauburuk beste derbi bat jokatuko baitu Zierbena indartsuaren kontra.
Denboraldi honetako bigarren bueltan izango ditugun atsedenaldi eta geldialdi ugariak ere berrikuntza dira. Urtarriletik maiatzera bitartean lehiaketak ez ditu lau aste jarraian egingo  Gainera, maiatzak 1eko asteazken jaiegunean jardunaldi bat gehiago gehitu dute, 27. jardunaldian izango dena eta aurkaria Sala Quinto izango da, Belabietan bertan.
Errege Koparen lehenbiziko bazterketa erabakitzeko zozketan ere sartuko da Lauburu denboraldi honetan. Bazterketa hau irailaren azkeneko egunetan jokatzen da normalean, baina oraindik ez da zozketarik egin.
Gauzak honela, motorrak berotzen hastea bakarrik falta da; moratuek iazko denboraldiko maila mantentzen saiatuko dira.