LAUBURU KE IBARRA – PINSEQUE A.D.
Interes handiena piztuko duen neurketa izango da, larunbat arratsaldean Ibarrako gotorlekuan jokatuko dena. Aragoiko Pinseque taldea etorriko da, kategoria honetan historikoa den taldea. Zirrara eta parekotasuna ikusiko dira hasiera batean, bi taldeak 36 punturekin berdinduta daude-eta; Alzira liderraren atzetik. Azken hiru jardunaldietan berdinketa egin ostean, Alfredo Hualderenak tituluaren lehian berriro engaiatzeko asmoz aterako dira kantxara.
Bisitariek ere, bere aldetik dena jarriko dute liderrari zelatan jarraitzeko. Aragoiarrek Areto Futbol nazionaleko Bigarren B Mailan zein zilar kategorian izan duten ibilbideagatik talderik ezagunenetako bat da, eta pasa den denboraldian izan ezik, txapelketetan okupatu ohi duten postuetara iritsi dira berriro. Azken titulua 2013-2014 denboraldian lortu zuten, igoera gauzatzea lortu ez zuten urtean. Egun, elkarrekin jokatzen urte asko daramatzan blokearekin eta harrobitik hartutako gazte abilekin osatua dago taldea.
Gaitasun horri egin beharko zaio aurre beraz, denboraldi guztian talde morea erakusten ari den bertuteak gailendu beharko duelarik. Pasa den asteko norgehiagoka zehatz-mehatz analizatu ostean, Alfredorenak kantxara ateratzeko gogotsu daude berriro, oraingoan zaleez inguratuta gainera. Harmailetako babesa garrantzitsua izango da jardunaldi honetan. Moreak hanketako nekeaz harago, jokalari gehienak prest izango dira larunbaterako; Zuhaitz ez da izango eta Andoni Agirrezabala berriz, minarekin jarraitzen duenez, azken unera arte zalantza izango da.
Ibarrako entrenatzaileak larunbatekoari buruz hauxe esan zigun: “Aurkari honek nola jokatuko duen aurretik jakitea zaila izaten da, bere arma nagusia jokalari batzuen kalitatea da-eta. Intentsitate eta kontzentrazio handienarekin egin beharko diogu aurre honi, gure armak dantzan jartzeko ondoren. Garaipena nahi eta behar dugu, gure helburuetara iritsi nahi badugu; gure zaleei poz bat eskaintzea espero dugu”.
18:30ean izango da Belabieta kiroldegian
Ohiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango duzue
Ez ahaztu: LARUNBATA, OTSAILAK 9, 18:30ean.
Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian, Leaburuko Ostatuk eskainita, bi lagunentzako bazkari bat zozkatuko da, klubeko bazkide guztien artean.
#AukeratuMoreeginLauburu