LAUBURU K.E. IBARRA – FUTSAL IBI – MUSEO DEL JUGUETE C. F.S.
Geratzen zaizkion hiru finaletatik lehenengoa jokatuko du larunbatean Lauburuk bere publikoaren aurrean. Pasa de astean Sala Quintoren aurkako norgehiagokan berdinketa garratza eginda ere, zorionez beste taldeek lortutako emaitzak aldeko izan zituen Lauburuk, liderrarekiko tartea txikitzea ahalbidetu baitzuten. Honela Valentziako Nitida Alzira liderretik 4 puntura geratu zen talde morea, eta hirugarren eta laugarren sailkatuekin zuen aldeari eustea ere lortu zuen. Aldarte honetan, larunbateko norgehiagokak garrantzia handia hartzen du, garaipenak datorren urteko Errege Kopa jokatzeko bidea jorratuta utziko luke-eta.
Aurkaria jokoan dagoen sariaren neurrikoa izango da. Askoren ustetan, lantaldean kalitate gehien pilatzen duen taldea da Alacanteko Ibi. Honetaz gain, pasa den astean Alzirari irabazi izanak Carlos Navarroren mutilen animoak hauspotuko zituen. Ibikoek bigarren itzuli honetan puntu gehien lortu duen taldea dira, eta izan zuten hasiera irregularrak eragotzi die titulua lortzeko lehian egotea. Hala ere, Alacantekoek lehenbiziko hiru postuetan egoteko aukera guztiak agortuko dituzte eta Belabietan irabazita Laubururekin puntutan berdinduta jarriko lirateke.
Ibartarrak bere aldetik, lau entrenamendu saio egin dituzte astean; lauak larunbateko hitzordua hartu dute ardatz eta taldeak horri begira beharko duen guztia lantzen ibili dira. Zuhaitz eta Josebaren bajaz gain, Dani, Beñat eta Andoni Agirrezabalaren minak ere agertu dira, ondorioz hirurak, besteak baino erritmo baxuagoan entrenatu dutelarik. Hala ere, badirudi larunbateko norgehiagokan Alfredo Hualderen aginduetara egoteko moduan izango direla hirurak, partida aurrera ateratzeko ahalik eta ekarpen onena eginez. Erronka berri honen aurrean lantaldeak ilusioa adierazi du eta kantxara salto egiteko gogotsu ageri dira jokalariak azken norgehiagokak utzitako zaporea gozatzeko asmoz.
Entrenatzaile moreak larunbatekoaz bere iritzia eman zigun: “Jokoa sortzeko ahalmen izugarria duen talde baten kontra jokatuko dugu. Egoera honen aurrean indartu beharra daukagu eta defentsan nagusitu ahal izateko energia asko erabili. Azken jardunaldietan ondo egon gara erasoan, beraz egingo dugun lanarekin eta Ibi bezalako talde batean aurrean lehiakor agertzeko konfiantza handia dugu. Jarraitzaileei zor diegu; eta geure buruari ere bai. Egindako lanaz harro gaude eta eskura ditugun sarietakoren bat lortuz berretsi nahi dugu. Larunbatean zaleek laguntzea espero dugu eta poza beraiekin partekatzea”.
Norgehiagoka 18:30ean izango da Belabieta kiroldegian.
Ohiko moduan, norgehiagokaren nondik norakoak Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango dira.
Ez ahaztu: LARUNBATA, MAIATZAREN 11, 18:30ean
Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian, Belauntzako Ostatu jatetxeak eskainita, Lauburuko bazkide guztien artean, bi lagunentzako bazkaria zozkatuko da.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra