LAUBURU KE IBARRA – ZIERBENA FS
Maila handiko derbia eskaini zuten Lauburuk eta Zierbenak 2018-19 denboraldi zirraragarria ixteko. Norgehiagokan Lauburu izan zen nagusi, 5-0eko emaitzara iristeraino, baina azken minutuetan bizkaitarrek gol bakarrera eraman zuten aldea bosteko jokoarekin.
Garaipenaren bila arma berdinekin atera ziren bi taldeak, defentsa intentsitatea lehenengo lerroetan jarrita, aurkariaren progresioa eragotziz eta baloia oinetan zutenean, presiotik ateratzen saiatzen ziren bi taldeak lauko jokoarekin. Lauburuk defentsa-intentsitate handiagoa jartzen zuen eta bisitarien atera maiz iristen zen. Hauetako batean, Antxon parekoaz libratu eta jaurtiketa zuzen batekin area barruan zegoen Zumetari bidali zion, honek Zierbenaren atean sartu eta markagailuan 1-0ekoa ezartzeko. Bisitariek erreakzionatu egin zuten orduan eta bi alditan iritsi ziren Peñaren atera, baina honek Lauburu aurretik mantendu zuen. Moreak ez zuten nahikoa hala ere, eta zortzi minutura, kornerreko estrategia jokaldi batean Aitzolek atezainaren aurrean kokatua zegoen Zumetari pasa eta honek, maisutasunez eskuadratik 2-0ekoa egin zuen. Handik pixka batera Oihanek lehenengo lerroan ostu eta Zierbenako atezaina fusilatu zuen 3-0ekoa egiteko. Hemendik aurrera eta lehenengo zatiaren amaiera arte, ika-mika batean ibili ziren eta atezainek jokalariek baino protagonismo handiagoa izan zuten. Azken bi minutuetan Zierbena bostekoarekin atera zen aldea murriztu nahian, baina helburua lortu gabe.
Bigarren zatiak ezin izan zuen hobeto hasi, minutu eta erdira Antxonek 4-0ekoa egin baitzuen. Andonik aurkariaren kantxan ostu, Zumetarekin konbinatu eta Antxonek ate hutsera bota zuen bigarren zutoinean. Kolpe gogorra izan zen bisitarientzat, garaipena urrunago ikusten hasi ziren-eta. Norgehiagoka amaitzeko oraindik 12 minutu falta zirenean Zierbenak bostekoa atera zuen berriz, azken aukerak agortzeko asmoz; baina talde moreak jo zuen berriro. Presio irteera baten egindako jokaldi korapilatsu batean, Josebak neurtutako pase bat egin zion Zumetari aurkariaren areatik gertu, eta honek baselina berri bat asmatuz 5-0ekoa egin zuen, bere hirugarren gola Belabietako publikoak txaloaldi batekin saritu zuelarik. Zortzi minutu luze geratzen ziren oraindik eta Zierbenak ez zuen etsi. Lehenbizi 5-1ekoa egin zuen Abelek bertakoen arean ebatzitako penaltiaren bidez. Lau minuturen faltan, Barberok bota eta baloia Josebaren eskutik alde eginez sareetan sartu zen; 5-2. Moreek ate hutsera botatako bi tiroekin izan zuten norgehiagoka erabakita uzteko aukera, baina ez zuten asmatu, eta azken bi minutuetan Zierbenak bi gol gehiago egin zituen, Ibartarren garaipena arrisku serioan jarriz. Lehenengoa Abelek egin zuen; arean erditik bota eta 5-3koa markatu zuen. Ondoren, Juni Efrenekin elkartu eta 5-4koa sartu zuten kanpoko jaurtiketa batekin. Azken minutua emozio handikoa izan zen, baina Ibarrakoen defentsa gailendu zen eta talde moreak garaipena ospatzeko aukera izan zuen bere publikoaren aurrean, azken jardunaldi honetan.
Norgehiagokaren amaieran iritsi ziren berri txarrak. Laskorainek ezin izan zion liderrari irabazi Usabalen eta Lauburuk bigarren postuarekin konformatu behar izan du, igoerako play-offa jokatzeko aukerarik gabe. 64 punturekin bigarren postuan amaitu du Lauburuk denboraldi honetan, iazko denboraldiko hirugarren postua hobetuz.
XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Antxon (1), Aitzol, Javi Saldise eta Zumeta (3)
Jokatu zuten beste jokalariak: Dani García, Oihan (1), Beñat, Garmen, Andoni eta Joseba
AUZOAK ZIERBENA CDF: David, Adrian, Barbero (1), Kike eta Juni (1)
Jokatu zuten beste jokalariak: Martos, Jorge, Abel (2) eta Efren
GOLAK
1-0 MIN 04 – Zumeta
2-0 MIN 08 – Zumeta
3-0 MIN 12 – Oihan
ATSEDENALDIA
4-0 MIN 21 – Antxon
5-0 MIN 31 – Javi Saldise
5-1 MIN 32 – Abel
5-2 MIN 36 – Barbero
5-3 MIN 38 – Abel
5-4 MIN 39 – Juni
TXARTELAK
AUZOAK ZIERBENA CDF
Horia: Jorge
LAUBURU KE
Horia: Andoni eta Dani García
EPAILEAK
David Ocaña Romero (Bizkaiko Kolegioa)
Iker de la Hoz Escudero (Bizkaiko Kolegioa)
KRONOMETRATZAILEA
Dani Dos Anjos De Celis (Gipuzkoako Elkargoa)
#GoazenLauburuKEIbarra #aukeratuMOREeginLAUBURU