2018-2019 denboraldian 2.B Mailako taldea gidatzeko Alfredo Hualde nafarrarekin berritze akordioa itxi berri du Lauburu KE Ibarrak. Denboraldiaren azken sprintean hirugarren postua eta Errege Koparako pasea lortzeko lehian, tekniko nafarraren etorkizuna alde batera utzita zegoen, baina bi aldeen arteko harreman bikainak Ibarran jarraituko zuela iragartzen zuen.
Tekniko nafarrak klubarekin eta bere kirol zuzendaritzarekin duen sintonia erabatekoa da. Esfortzu izugarria egiten du, eta distantzia, egoera pertsonala edota lan arazoak dira klubarekin harremana zailtzen dutenak. Juanan Rodriguezek, klubeko Kirol Zuzendariak, honela zioen: “Egindako lanagatik eta maila berean duen giza-kalitateagatik, Alfredo Hualdek berritzea erraz irabazi du, erakusten duen apaltasunarekin ingurukok zein aldagela bereganatu baititu. Egungo harreman hori luzaroan izatea gustatuko litzaiguke, traba bakarra familiarekin eta lanarekin kontziliatzean baitago, horregatik onartzen eta eskertzen diogu birritan zentzu horretan egiten duen esfortzua.
Klubak hazten jarraitu nahi du eta proiektua pausoz pauso eraldatzen. Egun, Alfredo egoki kokatzen da eskema horretan eta egiturarik onenarekin lan egin dezan saiatuko da Kluba, bai maila teknikoan bai lantaldean, denboraldi oro pauso sendoak ematen jarraitzeko xedez”.
Eguneroko lana da ahalik eta lantalde lehiakorrena osatzea; Errege Kopan parte hartzeak ilusio handia eragiten du, baina gozatzeko eta hazten jarraitzeko saria izan behar duela ahaztu gabe. Liga erregularrean jarri beharko dute Alfredoren mutilak beren indar guztia, hau baita helburu nagusia. Urtez urte zorrotzagoa den liga da, klubak beren proiektuak asentatzen doaz eta geroz eta apustu handiagoak egiten dira pribilegiozko postuak lortzeko.
Tekniko nafarra egoeraz jabetzen da eta moratuen erronka ilusio handiarekin eta ohiko baikortasunarekin hartzen du. Bere jarraipena honela baloratu zuen: “Beste denboraldi bat gehiago Lauburun; aurten asko gozatu dugu eta formula egokia dela dirudi. Erronka zaila dugu aurrean, lantaldeak eraman duen jokoaren maila mantentzea eta lehenengo taldean zein klubaren oinarrian egonkortzea, hain zuzen”.
Laster jakinaraziko dira Ibarrako lantaldean izan diren berritze, baja eta etorri berriak. Seigarren denboraldia jarraian egingo dugu Bigarren B nazionalean, eta helburuak, sailkapeneko ohorezko postuetan jarraitzea, eta aldi berean klubaren proiektua egonkortzen jarraitzea. Aurtengo berrikuntza Benjamin eta Alebin kategorian areto futbolean formatzeko eskola berria izango da.