Lauburu ilusioz beteta doa Segorbera
Laubururen lehenengo taldea Castellóko probintziara abiatuko da, denboraldiko lekualdaketarik luzeena izango den honetan, “Viveros mas de valero” taldearen aurka jokatzera. Larunbatean 17:00etan izango da partida Segorbeko Udal Kiroldegian. Ligako lehenbiziko jardunaldia etxean jokatu eta garaipen mardula lortu ostean, Alfredo Hualderen mutilak ilusio handiarekin burutu dituzte entrenamendu saioak, hurrengo norgehiagoka sailkapeneko goiko postuetan ibiliko den talde baten kontra jokatu beharko dutela jakinda. Segorbeko taldeak oso lantalde lehiakorra du, etxeko jokalariekin eta eskarmentu handiko jokalariekin osatutakoa, horietatik askok Lehenengo Mailan jolastu izan dutelarik. Jada hiru denboraldi dira igo zenetik, eta geroztik sailkapenean hobetzen joan da, iaz 59 punturekin laugarren postua lortu arte. [...]