Jubenilen Ohorezko Mailak Irurtzunen porrota gogorra jasan bazuen ere.
Lauburu Ibarra Mahala, Jubenilen Ohorezko Mailak 7-0eko porrota jasan zuen pasa den igandean CD XOTA taldearen aurka. Nafarrak, titulua lortzeko faboritoak izaki eta lantaldean 6 jokalari kadete izanda, oso talde lehiakorra dela erakutsi zuten, urte luzetan egindako lan bikainaren fruitua delarik. Aitor Arevaloren mutilak ez zuten egun ona izan eta ezin izan zituzten nafarren erasoaldiak gelditu, ondorioz, emaitza gogorra eta potoloa jasan behar izan zutelarik.
Ibartarrentzat okerrena izan zitekeen moduan hasi zen neurketa, 25. segundoan, bandako presio irteera inuzente batean Ibarrak baloia galdu eta aurkariak ate hutsean markatu zuen. Norgehiagoka hasi orduko kolpe gogorra. Zazpi minutu beranduago 2-0ekoa egin zuten bandako banakako ekintza baten bidez. Bigarren kolpe latza Laubururentzat eta taldea oraindik kantxara egokitzeko. Emaitza bere kontra, ekidin zitezkeen faltaz kargatuta eta partida luzea aurretik.
Ibartarrak eskatutako hutsartearen ondoren, beren momenturik onenak iritsi ziren; jarraian burututako hiru estrategia-ekintzek markagailuko aldea murriztu zezaketen, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Norgehiagokaren fase honetan partida orekatu egin zen, bi aldeetatik erasotzen zen, baina atea aurkitu gabe.
Minutu bat falta zenean tokiko taldeak 3-0ekoa egin zuen penalti bikoitzaren bidez, eta hau gutxi izan balitz bezala, 30 segundo beranduago, 17 metrotara ateratako bandako sake batean aurkariak 4-0 markatu zuen, lehenbiziko errematea gurutzetan jo eta erreboteak markarik gabe zegoen Xotako jokalari batengana erori ondoren. Emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko zatia.
Atsedenaldian hainbat alderdi zuzendu eta gero, ibartarrak markagailuan hurbiltzeko helburuarekin atera ziren pistara; minutu batzuetan lortu zuten aurkaria bere kantxan lotzea, baina markagailua aldatzera iritsi gabe. Bigarren zatiaren 6. minutuan, aurkariaren lehenengo iritsieran, Xotak 5-0ekoa egin zuen. Segidako minutuetan atezain jokalariarekin saiatuta ere, 7-0eko azken emaitza bertako taldearen aldeko izan zen.
Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak honela zioen: “Justiziaz jokoan zein intentsitatean irabazi gaituen talde on baten aurka neurtu gara. Lehenengo zatiko hainbat momentuetan antsietate handiarekin jolastu dugu eta gol inuzenteak jasan behar izan ditugu ondorioz. Bideoz egindako akatsak analizatuko ditugu, zuzentzen saiatuko gara eta gaurko partida txarra izan dela erakusteko lanean jarraituko dugu.

LAUBURU K.E. IBARRAren ASTEBURUKO EMAITZA-TAULA
KATEGORIA PARTIDA EGUNA/ORDUA EMAITZA
BIGARREN B NAZIONALA JUVENTUD CIRCULO C.D. – LAUBURU K.E. IBARRA LARUNBATA 18:30 3-3
JUBENILEN OHOREZKO MAILA C.D. XOTA – LAUBURU IBARRA MAHALA IGANDEA  12:00 7-0
EMAKUMEZKOAK INICIO 21 DE OCTUBRE
1go TERRITORIALA LAUBURU KLINIKA ALDAZ – OIARTZUN K.E. OSTIRALA  20:30 3-1
JUBENIL PROBINTZIALA SUMMA ALDAPETA A – LAUBURU K.E. IBARRA LARUNBATA 10:30 2-3
KADETE PROBINTZIALA LAUBURU K.E. IBARRA – BALERDI HARATEGIA-EGUZKI LARUNBATA 10:00 16-1
UZTURPE LAUBURU 2004 INICIO 21 DE OCTUBRE
UZTURPE LAUBURU 2005 INICIO 21 DE OCTUBRE