F.S. MARIANO RICO CUELLAR  – LAUBURU KE IBARRA
Zazpi hautagai, bost final eta azkeneko sprinta. Honelaxe ikusten da ligako titulua eta datorren denboraldian Errege Koparen ateak irekiko dizkien lehenengo hiru postuetako bat lortzeko lehia. Zorionez, Ibarra azken fase honetara guztia lortzeko aukera garbiekin iritsi da; aurreko 25 jardunaldietan egindako lanaren emaitza izan da. Geratzen diren bost finaletatik lehenengoa Segovian jokatuko dute jokalari moreek, F.S. Mariano Rico de Cuellar taldearen kontra; egungo denboraldian errebelazio izan den taldeetako bat.
Oliver Frailek entrenatutakoak, lehenengo sei jardunaldiak galduta hasiera zaila izan badute ere, etsi gabe jarraitu zuten eta handik aurrera goraka eginez, taldeak gaur egun ditue 28 puntuetara iristea lortu zuen, kategoria salbatzeko pribilegiozko postuan dagoelarik. Hala ere, azken zortzi postuetan dagoen inork ezin du erlaxatu, goiko kategorietan gerta daitezkeen jaitsierak beheraka eraman ditzake-eta. Horregatik, larunbatean bertako taldeak kategoria salbatzeko final moduan hartuko du norgehiagoka.
Lauburuk bestalde, astebeteko atsedenaldia eginda, ia jokalari guztiekin prestatu du norgehiagoka hau. Zuhaitz eta Joseba lesionatuta jarraitzen dute eta ez dira egongo; eta Zumeta ere baja izango da arrazoi pertsonalak medio. Azken hau jubenilen batekin ordezkatuko da larunbatean. Bestela, jokalariak ilusio handiarekin daude, ligako finalean guztia lortzeko aukera izanda zirraragarria izango baita.
Ibarrako entrenatzaileak hitz hauek eskaini zizkigun: “Oso partidu zaila izango da, hori da lehenik eta behin azpimarratu behar den gauza. Etxean jokatzen dutenean indartsuak izaten ikasi dutelako gehienbat; beren jokoan sinesten dute eta lehenengo postuetan dauden beste talde batzuei irabazteko gai izan dira. Umiltasuna erakutsi behar dugu erronka honi aurre egiteko, baina garaipena nahi dugula erakusteko anbizioa ere bai; liga irabazteko aukera izatea merezi dugu eta gure aukerak amaiera arte ahituko ditugu. Lantaldeak, direktibak eta zaleek merezi dute eta poz hori ematea espero dugu.
Norgehiagoka 18:30ean izango da Santa Clarako Udal Kiroldegian.
Ibarrako espedizioa Belabietatik aterako da 11:30ean. Betiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitterretik jarraitzeko aukera izango duzue.
Ez ahaztu: LARUNBATA, APIRILAREN 27an 18:30ean
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra