TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ – LAUBURU KE IBARRA
Tafallako Laboral eraikineko harmailak lepo bete zituzten zaleei, oso lehiatua eta zirraragarria izan zen norgehiagoka eskaini zien Tafatrans eta Lauburu taldeek larunbatean. Nafarren joak bere aldeko 2-0 jartzea eragin zuen, baina azken minutuetan ibartarrek, bosteko jokoarekin, markagailua berdintzea lortu zuten bi aurkariak asetu gabe utziz.
Lehenengo itzulian bi taldeak jokatu zuten norgehiagokaren antzekoa izan zen, bi proposamen ezberdinekin. Gipuzkoarrek alturako defentsa planteatu zuten aurkariaren erasoa ekidin nahian eta baloia hartuz erasoan iniziatiba izateko. Nafarrek berriz, bere kantxan babesten ziren moreen erasoez, erasoan trantsizio bizkorrak bilatu nahian, ezustean harrapatu eta aurkariaren atera ahalik eta azkarren iristeko helburuarekin. Gauzak honela, lehenbiziko minutuetan errespetua nabari zen, eta defentsak gailentzen ziren erasoen gainetik. 11. minutuan Iñigo Amezquetak taldea aurretik jarri zuen jaurtiketa zuzen batekin Lauburuko areatik gertu ateratako falta batean. Golaren ostean moreak erreakzionatu zuten eta hainbat iritsiera egin zituzten, baina Domenek guztiak alderatu zituen, atsedenaldira abantaila txiki horrekin joan zirelarik.
Aldageletatik bueltan ibartarren nagusitasuna handiagoa izan zen, jabetza luzeagoak izan zituzten eta nafarren atea intentsitate handiagoarekin zelatatzen zuten. Tafatransek trantsizio bizkorrekin eta estrategia jokaldiekin arriskuak sortzen zituen. Nafarrek faltekin bakarrik lortzen zuten gelditzea moreen erasoa eta honelaxe iritsi ziren bost faltara, oraindik 10 minutu jokatzeko zeudela. Domene, bertako atezaina arratsaldeko protagonista bilakatu zen bere parte-hartze bikainarekin. Nafarrek beste irteera bizkor batean langa jo zuten; ondoren Oihan eta Dani protagonista izan ziren erasoan baloia zutoinera botaz, berriro Domeneri bere lana egiteko aukera emanez. Zalak ere bota zuen langara beste tiro bat kornerretik. Ika-mika honetan Tafatransek asmatu zuen berriro: Zalak Joseba aurrez aurre gainditu eta markagailuan 2-0ekoa jarri zuen. Zazpi minutu besterik ez ziren falta amaierarako, baina moreek ez zuten etsi, eta bi minutu beranduago Alfredo Hualdek bosteko jokoa jarri zuen martxan. Laster ikusi zen talde moreak norgehiagoka iraultzeko konfiantza zuela, zaila izanda ere. Gauzatu gabe geratu ziren hainbat iritsiera egin ostean, Antxonek egindako jaurtiketa bat, bertako defentsa bat jo eta sareetan sartu zen. Gol honek ibartarrak suspertu zituen, baina norgehiagoka erabakita utz zezaketen bi aukera garbi ere izan zituen Tafatransek, jokaldia sortzeko garaian egindako akats batzuk medio. Azkenean, baloia kapitain morearengana iritsi zen eta honek ez zuen ate hutsean barkatu. Berdinketarekin amaitu zen beraz, norgehiagoka eta Laboralen bildutako publiko ugariak txalo zaparrada eskaini zien bi taldeei.
Kantxa zail batean lortutako beste puntu bat gehiago gehitu du Lauburuk, eta honekin, Tafatrans eta Pinseque taldeekin puntuak berdinduta, hirugarren postuan kokatu da talde morea.
Datorren astean Lauburuk Pinseque jasoko du Belabietan; 2.B multzo honetan lehiatzen jarraitzeko eta hirukoa lortzeko beste aukera paregabea izango da.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu
XEHETASUNAK
 
TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ:  Domene, Matu, Natxo, Txusmi eta Pablo
Parte-hartze gehiago: Amezqueta (1), Aitor, Zala(1), Juan, Íñigo, Jesús eta Goñi
 
LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, A. Carlosena, Andoni, J. Saldise eta Oihan
Parte-hartze gehiago: Aitzol, Zumeta, Garmen, Dani G., Beñat, Adri eta Peña.
 
GOLAK
1 – 0 Min. 11 Amezqueta
ATSEDENALDIA
2 – 0 Min. 33 Zala
2 – 1 Min. 37 Juan (a.p.)
2 – 2 Min. 39 Aitzol
 
EPAILEAK 
ISABEL SANCHO BAYONA (Aragoiko Komitea)
JOSE AINSA BARRERAS (Aragoiko Komitea)
 
KRONOMETRATZAILEA
ANA DÉVORA ILUNDAIN (Nafarroako Komitea)