LAUBURU KE IBARRA – FUTSAL IBI – MUSEO DEL JUGUETE CFS
Garaipen indartsua lortu du Lauburuk Ibi lermatu baten kontra 7 eta 1 irabazita. Lehenbiziko zatian egindako lan bikainaren ondorioz 5-1eko emaitzarekin erretiratu ziren aldageletara eta norgehiagoka erabakita utzi zuen. Bigarren zati osoan Ibikoek bosteko jokoaren aldeko apustua egin zuten emaitza igotzea lortzeko itxaropenarekin, baina Lauburu handi bat ikusi zen hor eta lantalde guztiaren elkarlana, esfortzua eta defentsa-ordenak hiru puntuak Belabietan geratzea ahalbidetu zuen.
Bi taldeak oso modu desberdinean egin zioten aurre norgehiagokari; bertakoek, Alacanteko jokalari onenek jokoa sortzea eragozteko helburuarekin defentsa altua erabili zuten, eta bisitariek berriz, pista erdiko defentsa hautatu zuten, gibelean tokiak txikituz eta Peñaren atean arriskuak sortzeko kontra bizkorrak bilatuz.
Gauzak holaxe, lehenbiziko minutuetan bi taldeak arriskuarekin iritsi ziren aurkarien ateetara, baina atezainek hutseko berdinketa mantentzen jakin izan zuten. Zortzigarren minutuan Davidek bere kantxan ostu, trantsizio bizkor bat sortu eta Danielek babesten zuelarik, Peña maisutasunez gainditu zuen markagailua 0-1era igoaz.
Gol honekin moreak erreakzionatu eta segidako minutuan markagailua irauli zuten. Lehenbizi Zumeta izan zen; penalti bat bota eta sareetan sartu zuen. 2-1ekoa Oihanek egin zuen, Aitzolek egindako pase bikain baten ostean atezaina driblatuz. Ez ziren honekin konformatu hala ere, eta hurrengo minutuan berriro Zumetak 3-1ekoa markatu zuen bandako estrategia jokaldi batean Danik egindako zerbitzu bat aprobetxatuz. Carlos Navarro, Ibiko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen orduan, taldea berrosatzeko.
Ondoren ika-mika batean sartu zen norgehiagoka, eta Lauburuk irabazi zuen Javi Saldise kantxara sartu zenean. Irurtzungo gazteak bi gol gehiago igo zituen markagailura, emaitza 5-1ean utziz. Lehenengoa korner batean iritsi zen, Alacanteko defentsa ustekabean hartu eta bigarren zutoinean agertu zenean; Antxonek baloia eskura utzi eta barrura sartu zuen. Bigarrena presio irteera batean egindako jokaldi bikain batean etorri zen; baloia Zumetari iritsi zitzaion eta honek atezainaren gainetik botatzean Javik aukera izan zuen ate hutsean sartzeko. Gol jaialdia izan zen lehenbiziko zati honetan eta aldageletara ondo egindako lanak ematen duen harrotasunarekin erretiratu ziren.
Bigarren zatia oso desberdina izan zen, bisitaria bostekoan atera baitzen hasiera-hasieratik norgehiagoka iraultzeko asmoz. Lauburu, irabazteko, defentsan sufritu beharko zuela jakinda atera zen. Honela minutuak pasatzen joan ziren; bisitarien eraso-jokaldiak baino gehiago ikusten ziren moreen defentsa-ekintzek, eta Peñaren aldizkako agerpenek Ibikoen iritsiera arriskutsuak eragozten zituzten markagailuko aldea mantenduz.
Bigarren zatiaren erdialdean, Ibarrakoen bandako sake bizkor batek Javi Saldise kantxa erdian jartzea ahalbidetu zuen, Zumetari pasa eta honek partida erabakita utzi zuen bigarren zutoinetik sartuta. Ibik atezain jokalariarekin arriskatuz jarraitu zuen, baina konfiantza handirik gabe; sartu gabe geratu ziren hainbat jaurtiketa ere, egin ziren atetik atera, eta azkenean Oihanek lortu zuen 7-1ekoa area propiotik gertu baloia ostu eta goitik botaz ate hutsean sartu zuenean. Azken minutuetan bi entrenatzaileek hainbat gazteei jokatzeko aukera eman zien beren formakuntzan aurrera egin dezaten.
Norgehiagoka amaitu eta hiru puntuak patrikan sartu ostean, beste taldeen emaitzak jakiteko ordua iritsi zen. Ezustekoa eman zuen Laskorainek Tolosan, Tafatrans taldeari irabazita. Honek ahalbidetu zuen Lauburu, bigarren aldiz, datorren denboraldian jokatuko den Errege Koparako sailkatua geratzeak, matematikek lehenbiziko hiru sailkatuetan amaituko duela diote-eta.
Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen denboraldia amaitzeko eta talde honen anbizioak ez du atsedenik izan behar. Sailkapenean bigarren doa Lauburu, baina matematikek ez diote lehenengo postua lortzeko aukera kentzen oraindik. Alzira liderra lau puntura dago eta 6 puntu daude jokoan, beraz, guztia eman beharko dute moreek azken bi jardunaldi hauetan, nahiz eta dena ez den ibartarren lanaren mende egongo.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra
XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Zumeta (3), Oihan (2), Dani eta Aitzol.
Jokatu duten beste jokalariak: Antxon, Andoni, Garmen, Javi Saldise (2), Alvaro eta Aitor.
MUSEO DEL JUGUETE IBI FS: Angel, Carlos, David (1), Bilal eta Daniel.
Jokatu duten beste jokalariak: Ivan, Carlos, Juan eta Santiago.
GOLAK
0-1  MIN 07 David
1-1MIN 09 Zumeta
2-1 MIN 09 Oihan
3-1 MIN 10 Zumeta
4-1 MIN 13 Javi Saldise
5-1 MIN 18 Javi Saldise
ATSEDENALDIA
6-1 MIN 31 Zumeta
7-1 MIN 32 Oihan
EPAILEAK
Lander Pérez Rekalde (Nafarroako Komitea)
Andoni Lancha Urtasun (Nafarroako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Txema Montero Celaya (Gipuzkoako Komitea)
TXARTELAK:

  • LAUBURU KE: Aitzol
  • IBI FS: Carlos, David, Ivan eta Daniel