Lauburu Ibarra Mahalak 13-0 irabazi zion Racing de Mieres talde asturiarrari ligako lehenengo norgehiagokan. Bisitariek ezin izan zuten talde morea gelditu eta Aitor Arevalon mutilak osatze prozesuan dagoen talde honen gainetik pasa ziren; Erasoan neurketa on bat jokatu ez bazuten ere, etxekoek erritmo altua jarri zuten defentsan eta honek, baloia erabat alde moreak berreskuratzea ahalbidetu zuen.
Ibarrakoek baloiaren jabetza osoa zutela hasi zen norgehiagoka, bisitariek pista erdian itxaroten zuten bitartean, baloia ostu eta kontrara ateratzeko asmoz. Talde moreari partidan sartzea kosta egin zitzaion hasieran, jokoari abiadura txikia ezartzeagatik. Zortzigarren minutuan etxekoek aurreratu ziren Asier Izagirrek amaitutako ekintza batekin. Minutu bat beranduago Aimar Iturriotzek egin zuen 2-0ekoa. Moreak gehiago ziren eta aukerak bata bestearen atzetik zetozen. Atsedenaldirako hiru minutu falta zirela, Eneko Vinuesak tanto bat gehiago egin zuen eta 30 segundora Martin Ibarbiak 4-0ekoa ezarri zuen estrategia jokaldi on batean.
Lehenbiziko zatia honela amaitu zen, Ibarrako taldeak oso ongi jokatu gabe, pistan eskarmentu handiagoa erakutsi zuen eta hori nahikoa izan zuen atsedenaldira tamainako errentarekin iristeko.
Bigarren zatiak ez zuen agertokia aldatu, baloia talde morearen eskutan jarraitu zuen eta gol aukerak ere moreak izan ziren. Jokoan zegoen aldea oso handia zen eta golak minutuak pasa ahala, banan-bana iristen hasi ziren, guztira 13 sartu arte. Ezohiko kopurua da kategoria hauetan. Bigarren zatiko golegileak Asier Izagirre (3), Iker Sanchez (2), Martin Ibarbia, Aimar Iturriotz, Iñigo Iriarte eta Jokin Agirretxe izan ziren.
Neurketaren amaieran entrenatzaileak ondoko adierazpenak egin zituen: “Garaipenagatik oso pozik gaude, partida hau oso ondo etorriko zaigu-eta, konfiantza irabazteko. Taldeak norgehiagoka serio bat jokatu du 40 minutuetan zehar eta hau da jarraitu beharreko bidea. Erasoan baloiaren erritmoa hobetu beharra daukagu, gaur mantsoegia izan baita, eta helburu handiagoak lortu nahi baditugu, erritmoa handitu beharra daukagu, kontrolen kalitatea hobetu eta baloirik gabeko erritmoa ere landu. Lan asko daukagu egiteko; hori da gaurko norgehiagokatik atera daitekeen ondorio nagusia”.
Datorren larunbatean Ibarrako taldeak Asturiasera bidaiatuko du, Lugonesera, La Esperanza-Rangers, bertako taldearen kontra jokatzeko asmoz. 18:30ean hasiko da.
Pasa den asteburuan denboraldi honetan lehiatuko diren azpiko kategorietako talde batzuk ere, martxan jarri ziren jada. Txubelen mutilak 3-1 irabazi zuten ostiral iluntzean bere estreinaldian; jubenil territorialak ordea, Eskoriatzan egin zuen debuta eta 5-0 galdu zuen.
Azkenik, kadeteek prestaketan jarraitzen dute datorren asteburuan bere ligari hasiera emateko, eta 6-2 irabazi zion Antiguoko taldearen kontra jokatutako lagunartekoan. Pixkanaka Gipuzkoako areto futboleko kategoria guztiak jarriko dira martxan beren lehiaketetan.
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez