Hirunako berdinketa egin zuen Lauburu Mahala Ibarrak CD Eguzki taldearen kontra, aurre-denboraldiko bere bigarren partiduan. Talde moreak aurrekoan baino hobeto jokatu zuen, baina defentsan egindako akatsek aurre-denboraldiko lehenbiziko garaipena lortu gabe geratzera kondenatu zituen.
Aurkaria, defentsa azken 12 metroetan kokatuz, ixten saiatu zen kontrara ateratzeko asmoz. Moreak pasa den astean ikusi zutenarekin zerikusirik ez, baina ongi etorri zitzaion planteamendu hau, lantaldeak denboraldi guztian zehar emango diren egoera desberdin guztiak ezagutu beharko baititu.
Lehenengo zatia banako berdinketarekin amaitu zen. Iker Zubelzuk aurreratu zuen taldea markagailuan faltako sake batean. Lehenbiziko denbora amaitzeko minutu gutxi geratzen zirela, bisitariak egindako hirugarren jaurtiketan 1-1 egin zuten, bertakoek defentsan izandako zalantza bat medio.
Bigarren zatiaren hasiera ez zen aldatu, jokoaren iniziatiba Arevaloren mutilak zuten eta egoera arriskutsuak sortzen zituzten. Ion Ander Cuadrado eta Aitor Gurrutxagaren artean egindako ekintza on batean, azken honek 2-1ekoa egin zuen markagailuan. Bi minutu beranduago berriz, bisitariek neurketa berdintzea lortu zuten. Bertakoek ongi erreakzionatu zuten, bandako sake batean Iker Zubelzuk Oier Goikoetxearen asistentzia on bat aprobetxatuz estrategia gola sartuz. Norgehiagoka aldeko emaitza horrekin amaituko zela zirudien, baina azken unetan Lasarteko taldeak berdinketa egitea lortu zuen eta honela amaitu zen partidua.
Neurketaren amaieran entrenatzaileak hitz hauek egin zituen: “Oso defentsa baxua egin duen talde baten aurka neurtu gara. Jokoan iniziatiba izaten utzi digu eta ez dugu batere gaizki egin, defentsa itxien aurrean baloi-zirkulazio azkar bat, zabaltasuna eta sakontasuna komeni da, baina alderdi horiek interpretatzea eta exekutatzea kosta egiten zaigu. Defentsan lehenbiziko norgehiagokarekin konparatuta hobetu dugu eta garrantzia handia du horrek, baina oraindik agresibitate puntu bat falta zaigu marketan, eta gaur argi geratu da. Etapaz etapa goaz eta lehiaketa geroz eta gertuago dago, aste hau oso gogorra izango da guretzat, asteazkenean filialarekin jokatuko baitugu eta larunbatean Iruñean San Juanen kontra. Limiteetara eramango gaituen bi talde dira, baina alderdi guztietan hobetu ahal izateko horixe behar dugu”.