Lauburu Ibarra Mahala 10-4ko emaitzarekin erori zen ligako bigarren jardunaldian. Kolpe gogorra jaso zuten igande goizean, Aitor Arevaloren mutilak. Astean zehar entrenamendu saio onak eginda gero, talde morea gogotsu abiatu zen partidara, irabazteko asmoarekin, baina aurkaria gehiago izan zen orokorrean eta merezitako garaipena eraman zuen bertako taldeak.
Norgehiagoka ez zen ongi hasi ibartarrentzat, zazpigarren minuturako 3-0 galtzen ari baitziren. Ez zuten faltarik egin tarte horretan eta agian, falta taktikoren bat eginez gero gol horiek ekidin zitezkeen. Arevalok hutsartea eskatu ondoren hasi ziren erasoan jokatzen bisitariek, estrategia ekintzetan lehenengo hurbilketa arriskutsuak sortuz. Sei minutu faltan, Iker Zubelzuk markagailuan tartea txikitzea lortu zuen, falta batean egindako estrategia ekintzaren bidez. Pixkanaka partidan sartzen ari ziren eta minutu batzuk beranduago Jon Ander Cuadradok 3-2koa egin zuen penalti bikoitza botatzean. Emaitza honekin iritsi ziren atsedenaldira eta norgehiagoka iraultzeko aukera bazutela zirudien.
Bigarren zatian, bisitariek erditik atera, konturatzerako baloia galdu eta 12 segundora 4-2koa egin zuten bertakoek. Beste opari bat gehiago goiz zail hartan. 3 minutu beranduago Martinek 4-3koa markatu zuen korner bat ateratzean egindako estrategia ekintza batean. Partida irabazteko beste aukera bat izan zen, baina tarte txiki batean 9-3ra iritsi ginen. Jokoa eraikitzeko garaian talde moreak egindako akatsak ongi aprobetxatu zituen bertako taldeak. Sei minutu falta ziren amaierarako eta moreak saiatu baziren ere, azkenean 10-4eko emaitzarekin galdu zuten. Laugarren gola Iraitzek sartu zuen.
Norgehiagokaren ondoren entrenatzaileak honela zioen: “Lantalde honek alderdi asko ditu hobetzeko, baina arlo teknikoan edo taktikoan sartu gabe, gure buruarekin kritikoak izan behar dugu. Gaur lehiatzea falta izan zaigu, eta honekin batera, izaera handiagoa ere bai, une batzuetan; garrantzitsua da azken hau, kanpora ateratakoan honelako norgehiagokak irabaztea esan nahi baitu. Jokalari asko berriak dira eta ez daude benetan lehiatzen ohituta, aurkariarekin kontaktua izaten eta aurre egiten ahal den moduan. Horregatik aurkariaren erara jokatu dugu, beldurrez, mugimendu bakoitza urrunetik begiratuz; honela oso zaila da irabaztea. Lanean jarraituko dugu eta beldur horiek kentzea lortzen dugunean norgehiagokak gozatuko ditugu”.